Durangok indarkeria matxistaren aurka egiteko tresna berria du gaurtik: Indarkeria Matxistaren Unitatea. Bere eginkizun nagusia kasuak detektatzea eta erasoak jasan dituzten biktimei jarraipena, laguntza, konpainia eta errekuperazio lanetan laguntzea izango da. Unitatea udalak sortu du, mugimendu feminista osatzen duten eragileek urteetan egindako eskaerei erantzunda. Besteak beste Andereak eta Durangoko Autodefentsa Feminista Asanblada, DAFA, izan dira tresna honen beharrizana azpimarratu dutenak.
Zerbitzu berria Andragunean integratuta egongo da, eta honako betebehar hauek gauzatuko dituzte bertatik: erasoen prebentzioa, indarkeriaren bat jasaten dabiltzan emakumeak identifikatzea eta azken horiei arretan, jarraipenean eta errekuperazioan laguntzea. Teknikari bat arduratuko da beren beregi hori guztia koordinatzeaz. Izan ere, orain arte Andragunean egondako Nagore Uribe-Etxebarria berdintasun dinamizatzaileari eta Kety Arrabal berdintasun teknikariari arduradun berri bat batuko zaie: Malen Isasi. Hirugarren teknikari hau izango da unitatea koordinatzeaz arduratuko dena. Zerbitzua astelehenetik barikura eskainiko dute goizez, eta martitzen eta eguenetan arratsaldez.
Jesica Ruiz alkateordeak azpimarratu du unitatearen sorrera "urrats sendo eta irmoa" dela "biktimak babesteko". Era berean, unitatea mugimendu feministagaz batera landutako konpromisoaren emaitza dela iritzi dio. Paule Sánchez zinegotziak, Durangoko elkarte sarearekin lankidetzan jarraitzeko konpromisoa agertu, eta egitasmoa sustatu dutenak eskertu ditu, aurrera begira ere bidea elkarrekin egiteko.