[ARGAZKI GALERIA] Beteranoak nagusi, Durangoko Banakako Seriesean

Anboto 2025ko mar. 4a, 10:27

Atzo hasi zen Banakako Seriesa Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan eta final laurdenetako bi partiduetan pilotari beteranoak izan ziren  nagusi.

Olharanek eta Barandikak garaipen garrantzitsuak lortu zituzten, azken aldian emaitza onak lortu dituzten Laduche eta Urreistiren kontra. Biak finalerdietarako sailkatu ziren. Datorren astelehenean jokatuko du Barandikak Erkiagaren kontra eta hurrengoan Olharanek Johan Sorozabalen aurka.

Lehen partiduan, serio jokatu zuen Olharanek, erabaki onak hartuz eta Laduche baino erregularrago.12-5 amaitu zen lehen jokoa. Bigarrenean, akatsak zuzendu zituen Laduchek eta 10-12 irabazi zuen. Hirugarren setean ez zen bat ere fin ibili Laduche, pare bat erresto esku eskura eman zizkion Olharani eta honek ez zuen barkatu: 5-0. Iaz lesionatu zenetik, emaitzek ez diote lagundu Olharani eta atzoko garaipenak konfiantza hartzen lagundu diezaioke.

Bigarren partiduan, Barandikarentzat izan zen garaipena. Lehen seta galdu egin zuen (11-12), baina bigarrenean goitik behera nagusitu zen eta 12-3 hartu zuen mendean Urreisti gaztea. Hirugarren eta azken setean berriro nagusitu zen Barandika: 5-3.

Kuriositate moduan, Barandikak bi zesta apurtu ditu denbora gutxian eta atzoko partidua Erkiagak utzitako erramintarekin jokatu zuen. Hain zuzen, datorren astean Erkiagaren kontra jokatuko du. Beraz, ikusi egin beharko da bakoitza ze erremintarekin ateratzen den kantxara.

Datorren astelehenean, 19:30ean, gizonen Banakako Serieseko finalerdi bat ez ezik, emakumeen Euskotren Winter Serieseko lehenengo partidua jokatuko da eta Helena Barrenetxea durangarra izango da protagonistetako bat: Maite-Maialen / Helena-Arai.

(Argazkiak: Eraman Jai Alai)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!