Zesta-puntistarik onenak Durangoko Ezkurdi Jai Alain batuko dira beste behin

Anboto 2025ko ots. 27a, 14:49

Gaurko aurkezpeneko irudia.

Datozen asteetan emakumeen Euskotren Winter Seriesa eta gizonen banakako seriesa jokatuko dira.

Ezkurdi Jai Alai pilotalekua eraberritu zenetik hona hainbat txapelketa garrantzitsu hartu ditu eta 2025a ez da salbuespena izango. Martxoaren 10ean, 17an eta 24an emakumezko eta gizonezko puntistarik onenek Durangon erabakiko dituzte txapelak.

Emakumeen Euskotren Winter Seriesaren barruan lau bikotek parte hartuko dute. Euren artean eskualdeko ordezkari bat egongo da: Helena Barrenetxea durangarra. Arai Lejardirekin osatuko du bikotea. Aipatzekoa da Oaia Otaño mutrikuar gazteak debuta izango duela Winter Seriesean.

Gizonen buruz buruko seriesean sei pilotari ariko dira eta finalerdiak eta finala Durangon jokatuko dituzte.

Bonoak salgai daude dagoeneko www.eramanjaialai.com webgunean.

Emakumeen liga berria

Gaurko aurkezpenean nobedade baten berri ere eman dute: emakumeen Jaia Alai League berria. 2023an mugarria ezarri zuen lehenengo Winter Seriesak eta harrezkero txapelketak ugaritzen joan dira. Horiek horrela, liga batean batu dituzte denak. Lehen edizio honek hamar txapelketa izango ditu. Durangokoa egutegiko hirugarren hitzordua da.

"Iaz, frontoi honetan bertan, proposamen bat bota genuen eta egia bihurtu denez, eskerrak ematen dizkiet antolatzaileei eta babesle guztiei emakumeen Jai Alai League posible egitearren. Urrats sendoa da berdintasunerantz", adierazi du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak.

EGUTEGIA

Martxoak 10, 19:30 (ETB 1, 22:20)

  • Erkiaga vs (Barandika edo Urreisti)
  • Maite-Maialen vs Helena-Arai

Martxoak 17, 19:30 (ETB 1, 22:20)

  • Johan vs (Olharan edo Laduche)
  • Ihart-Frida vs Elaia-Oaia

Martxoak 24, 19:30 (ETB, 22:20)

  • Finalak
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!