"Aurkaria aztertu, eta nire aukera itxaron nuen"

Joseba Derteano 2025ko ots. 25a, 09:00

Urtzi Ispizua Gutsens (Durango, 2000) Euskadiko Muay Thai Txapelketarako prestakuntza legez joan zen Thailandiara. Bere lehenengo borrokaldi profesionala K.O. bidez irabazita bueltatu da handik

Bera baino zazpi kilo gehiagoko errusiar baten kontra, eskua apurtuta zuela eta lehenengo roundean lurrera birritan jausita. Panorama beltza zirudien, baina txapeldun handien erreakzioa izan zuen. Bigarren roundean belaunagaz masailean jotako kolpe indartsu bati esker irabazi zuen.

Zelan zaletu zinen Muay Thaira?
Bizi osoan errugbian ibili naiz, DRTn. Hernia bat izan nuen hankan, eta korrika ondo egin ezin nuenez, kickboxingera aldatu nintzen. Handik gutxira, Muay Thaian zentratu nintzen. Bizitzeko modu bat da eta asko gustatu zitzaidan. 

Zelan sortu zaizu Thailandiara joateko aukera?
Orain urte bi joan nintzen lehenengoz, eskualdeko beste batzuekin. Han borrokalari profesional biren laguntza izan genuen. Mikel Fernandez nafarrak eta Albert Campos katalanak asko lagundu eta tratu bikaina eman ziguten. Esperientzia horregaz eta haiek han zeudela jakinda, orain gustura joan naiz bakarrik. Urtebeteko eszedentzia hartu dut. 24 urtegaz gaztea naiz, baina kirol mundurako ez hain gaztea. Hau egiteko momentua oraintxe zela sentitzen nuen. Hilabete bi eman ditut han, Camposen gimnasioan entrenatzen. 

Noiz eskaini zizuten borrokaldi profesionala egiteko aukera?
Lehenengo egunetik esan zidaten borrokaldi bat bilatu ahal zidatela. Hasieran ez neukan pentsatuta borroka egitea. Datorren hilean Euskadiko txapelketa izango da eta harako prestatu gura nuen. Baina halako konfiantza eskaini eta hainbeste lagundu zidaten ze, borrokatzea onartu nuela. Esker ona adierazteko modua izan zen. 

Zer zenekien aurkariari buruz?
Ezer ere ez! Gurago nuen ezer jakin ez. Egun normal bat balitz lez hartu nuen, entrenamendu bat izango balitz lez, baina beste toki batean. Urduritasunari aurre egiteko modua izan zen hori. Tokian bertan jakin nuen bere berri. Errusiarra zen eta nik baino zazpi kilo gehiago zituen.

Phuket herriko Patong Boxing estadioan izan zen borrokaldia. Zelan gogoratzen duzu?
Lehenengo rounda oso gogorra izan zen. Eskuagaz ondo kolpatu ninduen eta round osoan erdi zorabiatuta egon nintzen. Birritan joan nintzen lurrera, eta euretariko batean kontaketa egin zidaten. Gainera, roundeko une batean eskua apurtu nuen eta halantxik amaitu nuen borrokaldia. Roundari zutunik eutsi nion. Atsedenaldian gainetik izotza bota zidaten eta bizkortu egin nintzen. Bigarren roundean aurkaria aztertzen ahalegindu nintzen. Bere estiloari erreparatu nion. Sarritan esku bera luzatzen zuela ohartu nintzen. Nire aukera itxaron nuen. Esku hori luzatu zuen hurrengoan, belauna sartu nion eta hortxe amaitu zen borrokaldia. 

Zelan apurtu zenuen eskua?
Kolpe bat eman nion, buruan, eta atzamar lodia okertu nuen. Thailandian bertan nengoela egin zidaten ebakuntza.

Zelan eutsi zenion minari?
Momentu horretan ez duzu minik igartzen. Zer egin, zelan irabazi, horretan bakarrik duzu burua. 

Zelan gogoratzen duzu borrokaldia amaitu zen unea?
Itzela izan zen. Lehenengo rounda ikusita, ikusleek uste zuten aurkariak edozein unetan botako ninduela. Baina oso ondo errekuperatu nintzela ikusita, zutunik ipini eta txaloka hasi ziren. Borrokaldia amaitu zenean poz ikaragarria hartu nuen. Han asko lagundu didan entrenatzaile bati eman nion lehenengo besarkada. Bere konfiantzarik barik ez nuen lortuko.

Aurrera begira, zer asmo duzu?
Hilabete bi inguru joango dira eskua errekuperatu orduko. Gero, Thailandiara bueltatu gura dut beste borrokaren bat egiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!