Albaina informatika akademiako ikasleek sari bat lortu dute First Lego League deituriko txapelketan. Sariketan, parte hartzaileek robotak muntatu behar izaten dituzte lego piezekin, eta lehiaketako irizpideetan markaturiko zereginak eta erronkak gauzatu behar izan dituzte robotagaz. Hori dela eta, Albainako kideek bigarren saria lortu zuten Robotaren portaera deituriko kategorian. Txapelketa Gasteizen jokatu zuten, joan zen zapatuan. "Txapelketan hiru atal puntuatzen dira. Proposatzen den gaiari emandako erantzuna, baloreak eta taula batean egin beharreko programazioak eta misioak", azaldu du Iñigo Garatek, saria irabazi duen ikasleetako baten aitak. "Bi minutu eta erdiko probak izaten dira, taldeka erantzun beharrekoak", gaineratu du. Albainako ikasleak 250 eurogaz bueltatu ziren Gasteiztik. Txapelketa EHUko Kirol Fakultatean jokatu zuten.
Ez da Albainako kideek First Lego Leaguen irabazten duten lehenengo aldia. Iaz Etorkizun Oparoko Gazteen saria irabazi zuten Donostiako sariketan.