Albaina akademiako ikasleak saritu dituzte First Lego League txapelketan

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 4a, 10:30

10 eta 14 urte bitarteko bederatzi ikaslek Etorkizun Oparoko Gazteen saria irabazi zuten Donostian jokaturiko lehiaketan.

Ondo pasatzeko asmoz aurkeztu ziren lehiaketara, eta helburu hirukoitza lortu dute. Ondo pasatzea, ikastea eta sari bat irabaztea. Durangoko Albaina informatika akademiako ikasle talde bat Donostian izan zen zapatuan, First Lego League lehiaketan parte hartzen. Hau da, Lego piezekin muntaturiko roboten bitartez, lehiaketan markaturiko zereginak eta erronkak gauzatzen. Etorkizun Oparoko Gazteen saria irabazi zuten bertan. "Erronkan parte hartzen dugun lehenengo aldia da. Ikasleek lan handia egin dute. Oso pozik gaude lorturikoagaz", azaldu du Bea Albainak, izen bereko akademiako arduradunak.

First Lego League lehiaketak hainbat atal ditu. Bertara aurkezten diren ume eta gazteek berrikuntza proiektu bat garatu behar izaten dute lehenik. Aurtengo gaia zaletasunak izan dira. Eta lehiakideek zaletasun horiek jende gehiagorengana irisarazteko irtenbideak topatu behar izan dituzte. Bestetik, robot bat muntatu behar izan dute. Oihane Riesco umeetako baten gurasoa da, eta azaldu duenez, "epaimahaiak hamabost misio ipintzen ditu". "Ikasleek robota hartu eta programazio lanak egiten dituzte gailuak hamabost misio horiek bete ditzan. Bi minutu eta erdiko denbora izaten dute hamabost misioak gauzatzeko", zehaztu du. "Azkenik, balioen puntuaketa dago. Lehiaketa honetan asko baloratzen dira ikasleen balioak, errespetua, elkar laguntza", gaineratu du Bea Albaina irakasleak.

Zapatuan Hego Euskal Herriko hainbat lekutan jokatu zen lehiaketa. Deustuko Unibertsitateak Bilbon eta Donostian dituen kanpusetan, EHUren Gasteizko fakultatean eta Mondragon Unibertsitateak Arrasaten duen gunean. Albaina akademian informatika klaseak eskaintzeaz gainera, robotika klaseak ematen dituzte eskolaz kanpoko materia modura. 40-45 bat ikasle daude bertan inskribatuta.

Irabazitako garaikurra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!