Durango Rugby Taldea lehenengo pausoak ematen dabil aniztasun funtzionala dutenen talde inklusiboa sortzeko. Geu Be, Lantegi Batua, Gorabide eta bestelako elkarte edo erakundeetan izan dira egitasmoaren berri ematen. Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dute gura duten denentzat dutela atea zabalik. Barikuro egingo dituzte entrenamenduak, 19:00etan, eta interesa duten denei bertaratzeko deia egin diete.
Jose Antonio Martinezek erein zuen ekimenaren hazia. DRTko jokalari ohi eta entrenatzaileak errugbi inklusiboko ikastaro bat egin zuen orain urte bi. Ikastaro hartan ezaguturiko jendearen bitartez, Getxo Rugby Taldeko talde inklusibora batu zen; talde mistoak izaten dira. "Errugbiaren munduan bizi izan dudan esperientziarik onena da", esan du Martinezek.
Horrela, DRTn antzeko talde bat sortu gura du. Egitasmo honetan bidelagun ditu David Roman eta Jon Elgezabal, eta DRT familiakoak diren Mikel Ortuzarrek eta Asier Perugorriak entrenamenduak egiten lagunduko diete. Jokalari nahikoa batuz gero, ekainera arte trebatzea eta datorren denboralditik aurrera Euskadiko Bultza Ligan parte hartzea da euren asmoa. Une honetan, Gasteizko Gaztedik eta Bilboko, Getxoko, Hernaniko eta Iruñeko taldeek jokatzen dute liga horretan.