Hasiera batean, zerbitzua urtarrilaren 18tik otsailaren 9ra eta martxoaren 14tik apirilaren 27ra arte eskaintzea zegoen aurreikusita. Alabaina, hemendik aurrera, honako egutegi hau egongo da indarrean:
- Otsailaren 21etik martxoaren 4ra (1. modulua)
- Martxoaren 5etik 12ra (3. modulua)
- Martxoaren 13tik aurrera (2. modulua)
Halaber, egunotan, otsailaren 20ra arte, ez dute jolasgune zerbitzurik eskainiko. Izan ere, asteburu honetan, 40 Minutu Rock jaialdia egitekoa da Landako Gunean, eta azpiegituren desmuntaketa lanek otsailaren 20ra arte iraungo dute. Bestalde, martxoaren 5etik 12ra arteko denbora tarteaz ohartarazpen txiki bat egin du udalak: 3. moduluko aforoa txikiagoa denez, familiei eskatu die ume bakoitzeko heldu bakarra sartzea. Jolas Libreko Gunea astelehenetik domekara egoten da zabalik, 16:00etatik 20:00etara.
Eskerrona gurasoei
Durangoko Udalak herritarren inplikazioa eskertu du eta, bereziki, Durangoko Gurasoak elkartearena, "udal zerbitzuak hobetzeko egiten dabiltzan lanagatik". Era berean, maiatzera begira zerbitzua hobetzeko lanetan dabilela esan du udalak, baina aurreratu du Landako Gunearen okupazioak "zaildu" egiten duela egun horietan zerbitzua eskaintzea.
Herriaren Eskubidea, pozik
Herriaren Eskubideak "pozik" jaso du albistea: "Durangoko guraso talde baten ekimenari esker, Jolas Libreko Gunea itxita egongo zen egun gehienak berreskuratu ahal izan dira. Berriro ere agerian geratu da herritarren parte-hartzearen garrantzia. Murrizketak iraultzea lortu dute, baina espero dugu urritik maiatzera bitartean Jolas Libreko Gunea irekitzeko egindako eskaerari ere erantzutea", azaldu dute ohar batean.