Durangoko udal aurrekontuak onartu zirenetik hilabete baino gehiago igaro den arren, haren eztabaidak pil-pilean jarraitzen du udalerrian. Durangoko Uri Buru Batzarraren arabera, EH Bilduk "aurrekontuen negoziaketen bertsio desitxuratua" zabaldu du azken egunotan, eta ohar bat bidali du hedabideetara hari erantzuteko asmoz. EAJko egiturak dioenez, "inoiz" ez zen izan jeltzaleen eta subiranisten arteko akordiorik: "EH Bilduk adierazi du akordio integral bat aurkeztu zuela, konpromiso argiekin eta jarraipen bilerak barne. Errealitatea da, lehen unean, bost aurrekontu zuzenketa eta aurreko proiektuei buruzko hainbat eskaera jasotzen zituen dokumentu bat aurkeztu zuela, hala nola aurrekontu parte-hartzaileak edo energia-komunitateak. Ondoren, bilera periodikoak eta PPrekin akordiorik ez egitea bezalako elementu gehigarriak jasotzen zituen proposamen zabalago bat aurkeztu zuen", azaldu dute Uri Buru Batzarretik.
Era berean, EAJk gaineratu du beretzat "guztiz bideragarria" zela EH Bilduren eskaera guztiak onartzea, baldin eta horrek "aurrekontuen onarpena" bazekarren. Alabaina, koalizioa subiranistak abstentzioa "aukeratu" zuela, eta horrekin akordiorako "edozein aukera baztertu" zutela azaldu dute. "Dirudienez, EAJrekin elkarlanean aritzearen beldurra nagusitu zaie, Durangoren onurarako izan arren", azpimarratu du Uri Buru Batzarrak.
Akordioa PPrekin
EAJren egiturak dioenez, EH Bilduk "blokeo politikoa iraunaraztea" leporatu zion gobernu taldeari, horrek PPrekin akordioa lortu zuela eta. Uri Buru Batzarra ez dator talde subiranistagaz bat, eta PPrekin lorturiko akordioak "aurrekontuak desblokeatzea" eta "herritarrentzat garrantzitsuak diren gaietan aurrera egiteko aukera" eskaintzen duela adierazi du. Besteak beste, "autobus elektriko esperimentala ezartzean", "etxebizitza aholkularitzan eta kultur ondarearen kontserbazioan".