"Palestinara begira jarraitu behar dugu"

Ekaitz Herrera 2025ko urt. 24a, 09:30

Hawari-Berriozabalgoitia familia palestinar-euskaldunak bere etxeko egongelan hartu du ANBOTO.

Hawari-Berriozabalgoitia familiako kideak Durangon bizi dira eta ez diote begirik kentzen Palestinari. Hamasen eta Israelen arteko su etena indarrean dela eta Trumpek kargua hartu berritan elkarrizketatu ditu ANBOTOk

"Ongi etorri gure etxera". Atea zabaltzeagaz batera, Anis Hawarik (Palestina, 1950) euskaraz agurtu du kazetari etorri berria. Egongelako epelean jesarri dira familiako kide guztiak: Maria Jesus Berriozabalgoitia garaitarra (ama), Anis Hawari (aita) eta euren hiru alabak: Nadia, Yasmin eta Sara. Telebistan, Donald Trumpen kargu-hartze ekitaldia. Eta mahai gainean baso betena ur, badute zer kontatu eta. Eta halantxik, luze barik hasi dira familiako kideak Palestinaz berbetan. 

Hamasen eta Israelen arteko su etena indarrean dago. Zelan baloratzen duzue albistea?
Maria Jesus Berriozabalgoitia: Oraingoz, itxaron egin behar dugulakoan nago. Egunak igaro beharko dira su eten hori iraunkorra den ikusteko. Izan ere, han gertatzen dabilena ez sinesteko modukoa da.
Anis Hawari: Alde batetik, pozik gaude, erasoak eten egin dira eta. Bestetik, tristezia ere badugu, oraintxe hasiko gara-eta gerrak eragindako ondorio guztiak ikusten. Adibidez, oraintxe hasiko dira gorpuak hondakinetatik ateratzen.
Nadia Hawari: Su etena denok itxaroten genuen zerbait da, baina berandu dator, askoz lehenago ailegatu zitekeen. Eta dena esaten hasita, askoz hobe halakorik sekula hasi izan ez balitz. Nik, adibidez, sorpresa hartu dut: su etena iragarri zutenetik hura indarrean sartu zen arte, areagotu baino ez zituzten egin palestinarren kontrako erasoak, bonbardaketak eta hilketak. 
Sara Hawari: Su etena indarrean sartzeagaz batera pozago egongo nintzela uste nuen, baina ez. Ez nago horren pozik.  

Nazioarteko adituek diote su etena "hauskorra" izan daitekeela. Bat zatozte horregaz?
N.H.: 75 urte baino gehiago daramatzagu horrela. Nazioarteko estatuek, orokorrean, gura duena egiten utzi diote Israeli. Baina azken urte honetan aldatu egin da fokua. Orain, Israelek egindako ankerkeria eta krudelkeria guztiak ikusi ahal izan ditugu, eta nazioarteko estatuen jarrera agerian geratu da, ez dute Israel geldiarazi gura izan eta. 
A.H.: Oraingo su eten honen arazoa da hiru fase dituela, eta lehenengoa baino ez dagoela adostuta. 42 eguneko epea dago, beraz. Bigarren eta hirugarren faseak negoziatu barik daude. Horrek egundoko kezka sorrarazten digu. Historian lehenengoz, genozidio bat ikusi dugu telebistako pantailan. Ahalik eta herritar zibilik gehien hil dute, eta herrialdea ahalik eta gehien suntsitu. Eta erasoen helburuak ez dira erresistentziako kideak izan, herritar palestinarrak baino, zibilak. Hau Ameriketako Estatu Batuek administratutako eta Israelek gauzatutako gerra bat izan da.
Y.H.: Asmo hau dago horren guztiaren atzean: palestinarrak euren lurretik deserrotzea, gure lurrean arrotz sentiaraztea, eta memoria ezabatzea. Izan ere, basakeria honek ez gaitu inora eraman. Planifikatutako zeozeren aurrean gaudela ondorioztatu dezakegu. 

Zer deritzozue nazioartearen jarrerari?
N.H.: Nazioarteak oso jarrera epela izan du. Esango nuke benetan mobilizatu direnak herritar arruntak izan direla, gizarte eragileak, ikastetxeak eta elkarteak. Boterea dutenek, ardura lekuetan daudenek, ez dute ezertxo ere egin, eta orain, halako batean, dena Donald Trumpek konpondu duela dioskue.
A.H.: Hau guzti hau herri palestinarraren tinkotasunagaitik, nazioarteko presioagaitik eta Israelen porrotagaitik eten da. Izan ere, Israelek helburu batzuk izan ditu, baina ez du horiek betetzea lortu. Nire interpretazioa da Israel nondik jarraitu jakin barik geratu dela, eta noraez horren aurrean Trumpek erasoak etetea agindu diola. Azken finean, Trumpek Israel babestu gura izan du haren akatsetatik, ikuspegi estrategikotik gerra galtzen egon da eta. AEBetako arduradun militarrek ere hala adierazi diote. Ez da helburu militarrik egon; zibilak hiltzen baino ez dira egon.

Helburu militarrik egon ez bada, zergaitik dago Palestina jo puntuan?
A.H.: Arrazoietariko bat bere kokapen geografiko estrategikoa da. Palestinak bitan banatzen du mundu arabiarra. Afrika iparraldeko lur arabiarrak eta Asiako arabiarrak banatzen ditu. Eta, aldi berean, Europa eta Asia banatzen ditu. Gainera, herrialdea oso gertu dago Suezko kanaletik (Egipto), eta jakina da Iraken zein Iranen petrolio baliabideak daudena. Horrenbestez, Ekialde Hurbila kontrolatzen duenak eremu hori guzti hori kontrolatzea lortuko du. Arrazoi horiengaitik erabaki zuten Israelgo estatua Palestinan ezartzea. Eta ez hori bakarrik: ordura arte han zeuden herritarrak, palestinarrak, handik botatzea erabaki zuten. Eta, indarkeriagaz, bertara bueltatzeko asmorik izan ez dezaten lortu gura dute. 

Zein da Palestinarentzat gura duzuen etorkizuna?
A.H.: Lurra berreskuratzea eta lurraldera bueltatzea da palestinarron helburua. Gero, han egonda, Autodeterminazio Eskubidea aldarrikatu eta Estatu Palestinarra sortu gura genuke. Estatu demokratiko, anitz, multietniko eta askea gura dugu, sionismorik bakoa. Musulmanen, juduen zein kristauen etxe izango dena.
Y.H.: Askok uste dute Palestina erlijio bati loturiko zeozer dela, eta ez da hala. Palestinan denerik dago, kristau, musulman zein judu. Herrialde bat da, funtsean. Horri buruz ari gara. 

Herritarrek zer egin dezakete Palestinaren alde?
S.H.: Israelgo produktuei boikota egitea izan daiteke aukera bat, baita desinbertsioak egitea ere. Telefonoetarako aplikazio bat dago (No Thanks), barra kodea eskaneatu eta produktua israeldarra ote den jakinarazten dizuna. Horrez gainera, boikoterako arrazoiak eta marka jakin horrek gatazkan duen zerikusia azaltzen dizkizu.
A.H.: Era berean, manifestazioak egiten jarraitu behar dugu, kalean egon behar dugu. Su etena indarrean dela ere, horretan jarraitu behar dugu, presioa egiten. Bestalde, honi guzti honi buruzko berbaldiak ematen ditugu aldiro-aldiro. Horretan jarraitu gura dugu.
N.H.: Hau ezin da ahaztu, begiak Palestinan ipinita jarraitu behar dugu. Erlaxatuz gero, gertatu den guztia ahaztu daiteke.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!