‘Nakba’-ren seme-alabak

Ekaitz Herrera 2025ko urt. 24a, 09:30

Haifako Carmelo mendia, 1948a baino lehenago. HAWARI-BERRIOZABALGOITIA FAMILIA

1948an gertatu zen Nakba deritzona, arabieraz hondamendia, Israelek bere independentzia lur palestinarraren gainean aldarrikatu eta gutxira. Estatu sortu berriak milaka palestinar bota zituen euren jatorrizko lurretik; Nazio Batuen esanetan, gutxienez 710.000 herritarrek erbestera jo behar izan zuten, eta horixe da, hain zuzen ere, Anis Hawari durangarraren kasua.

 “Gure familiaren sorterria kostaldeko Haifa hirian dago; han dugu etxea, nahiz eta momentu honetan suntsituta egon. Nire gurasoak hangoak ziren. Hiria bonbardatu eta okupatu zutenean, familiako kideek etxetik alde egin behar izan zuten, ama haurdun zegoela eta nire urtebeteko anaia besoetan zuela. Carmelo mendia zeharkatu eta portuan itsasoratu zirenean, han zegoen Erresuma Batuko armada, Palestinatik erretiratu eta lurra sionistei emateko momentuan. Familiako kideak arrantza-ontzi batean sartu eta Libanon lehorreratu ziren, eta hantxe jaio nintzen ni. Libanon sortu nintzen, baina palestinarra naiz, familiari lurra ukatu zioten eta. Harrezkero, hemen nago”, azaldu du. Hawarik ekonomia ikasketak egin zituen Madrilen, eta oporraldi batean ezagutu zuen Maria Jesus Berriozabalgoitia, Santanderren. 

Hawari lez, asko dira mundu zabaleko herrialdeetan erbestea topatu zuten palestinarrak. Eta urrutira joaten ibili barik, bere senideak dira horren erakusle: “Bost neba-arreba gara, hiru gizon eta emakume bi. Bat Jordanian bizi da, beste bat Libanon, hirugarrena Kanadan, laugarrena AEBetan eta ni Euskal Herrian. Honako hau 1948ko nakbaren egoera zuzena duzu”, azaldu du Hawarik: “Palestinatik kanpora bizi behar dugu. Horrenbestez, modu batera edo bestera, gure herrialdeak bizirik iraun dezan, inportantea da hezkuntza, kultura eta ikasketak lantzea. Nakbagaz pasatu den guztia kontatzeko, memorian gordetzeko, ezinbestekoa dugu hori guzti hori", esan du. Alabak bat datoz aitaren esanekin: “Palestinarrontzat beti izan dira garrantzitsuak ikasketak, hezkuntza akademikoa, kultura. Gogoan dut aititak behin eta berriro esaten zigula hori. Dena kenduko digute beharbada: etxea, familia, lurra, baina ezagutzari eskerrak, kulturari eskerrak, iraun egingo dugu”, esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!