Joan zen asteburuan pista estaliko Bizkaiko Atletismo Txapelketa lehiatu zuten Donostiako Anoeta belodromoan eta eskualdeko hainbat atleta bikain aritu ziren.
Durango Kirol Taldeko (DKT) Julene Arriaga durangarra Bizkaiko txapeldun geratu zen 200 eta 400 metrotan. Bideoan ikusi daitekenez, 200 metroko proban erakustaldia eman zuen eta aldea atera zien aurkari denei. DKTk beste txapeldun bat ere izan zuen: Sherif Coly elorriarra, pertikan.
Eskualdeko atleten urrezko hirugarren domina Bidezabal klubeko Iker Fidalgo iurretarrak irabazi zuen, 3.000 metrotan. Horrez gainera, zilarrezko domina jantzi zuen 1.500 metrotan. Proba bietan 20 urtez azpiko Espainiako txapelketara joateko gutxieneko markak lortu zituen: 8.32.59 eta 3.59.42.
Ibai Rodriguez, azpitxapeldun bere estreinaldian
DKTko Ibai Rodriguezen errendimendua goraipatzeko modukoa da. Durangar gazteak hainbat lorpen eskuratu ditu Tabira Igeriketa Taldearekin, baina korrikako dohaiak hobetzeko asmoz, DKT taldearekin ere badabil iaztik. Asteburuko hitzordua estreinaldia zuen txapelketa batean eta azpitxapeldun geratu zen 200 metrotan.
Ixone Sanchezek zilarra, Europako Kros Txapelketera joan aurretik
Bidezabal klubeko Ixone Sanchez abadiñarrak zilarrezko domina irabazi zuen 800 metrotan, honako denborarekin: 2.23.74. Bere hurrengo hitzordua ez da edozelakoa izango: otsailaren 2an 20 urtez azpiko Europako Kros Txapelketan parte hartuko du bere taldekideekin batera. Une historikoa izango da Bidezabalentzat, bere ibilbidean lehenengoz arituko delako nazioarteko txapelketa batean.
DKTko Ibai Rodriguezen lasterketa. Europako kros txapelketara sailkatzea lortu zuten Bidezabaleko atletak. Ixone Sanchez eskumako aldean.