Durangoko Bidezabal atletismo klubeko 20 urtez azpiko taldeak historia egin du. 42 urteko ibilbidean lehenengoz nazioarteko hitzordu batera sailkatzea lortu du. Espainiako kross txapelketan irabazitako zilarrezko dominak Europako txapelketarako atea ireki die. Hitzordu hori 2025eko otsailaren 2an izango da, Portugalgo Vilamoura herrian.
Araudian emandako aldaketa bati esker, 18 urtetik beherako atletekin indartu ahal izan dute taldea; hala nola, Laia Cariñanosekin, Espainiako kross txapelduna 18 urtez azpiko mailan. Horrela, Andrea Buenavida, Naia Cob, Oihana Artiega eta 18 urtez azpiko Axpe Aja, Ixone Sanchez eta Laia Cariñanosek talde benetan indartsua osatu dute.
Cariñanosek banaka ere lortu du Europako txapelketarako sailkapena. Sevillan, sekulako lasterketa osatu eta bigarren amaitu zuen irabazlearen denbora berdinean. Europako hitzordua abenduaren 8an izango da, Turkian.
"Guretzako lorpen garrantzitsua da, etorkizun handiko kluba garela erakusten duelako", adierazi dute klubetik ohar batean.
Laguntza eskaera
"Gure asmoa da lorpen hori ahalbidetu digun atleten taldeari eustea edo ahal baldin bada hobetzea. Horregatik, ahalik eta babes handiena lortzen saiatuko gara. Ozen eta argi esaten dugu, helburu hori lortzeko laguntza behar dugu", esan dute.