Durango Rugby Taldeko Goreti Barrutieta Espainiako errugbi selekzioko talde nagusiagaz lehiatzeko hautatuen artean dago bere ibilbidean lehenengoz. Egunotan Australiako Perth hirian da, bere taldekideekin batera. Errugbi 7ko World Series txapelketako hirugarren etapa lehiatuko dute bertan barikutik domekara.
Espainiako errugbi selekzio nagusia belaunaldi berriko jokalariei tokia egiten ari da apurka. Ziklo berri bat hasi gura dute. Horrela, hiru jokalari lehenengoz hautatu dituzte eta euren artean dago 17 urte dituen Goreti Barrutieta, Uri Barrutieta DRTko jokalari ohiaren ahizpa gaztea. Beheko kategorietan maila oso ona erakutsitako jokalaria da. Iazko uztailean Europako azpitxapeldun geratu zen 18 urtez azpiko taldearekin.
"Zein gaztea den ikusita oso ausarta da. Jokalari bertikala eta azkarra da eta apurka minutuak pilatu behar ditu nazioarte mailan", adierazi du Alberto Sociasek, Espainiako federazioko Errugbi 7ko zuzendari teknikoak.
Espainiako selekzioak hiru partidu jokatuko ditu Australian: Frantziaren eta Australiaren kontra barikuan eta Txinaren aurka zapatuan.
Goreti Barrutieta DRTko partidu batean.