Asteburu honetan Europako 7S M18 txapelketa jokatu da Estrasburgon (Frantzia), eta Durango Rugby Taldeko kide bik, Goreti Barrutietak eta Manex Pujanak bertan parte hartu dute, Espainiako selekzioaren aterkipean. Jokalari biak zilarrezko postua eskuratuta bueltatu dira handik. Barrutietak eta gainerako taldekideek Polonia, Txekiar Errepublika, Belgika, Portugal eta Irlanda garaitu dituzte, baina ezin izan diote anfitrioia Frantziako selekzioari aurre egin. Nesken taldeak 15-12 galdu zuen finala. Manex Pujanak eta bere taldekideek bilakaera berdintsua izan dute. Suitza, Ukraina eta Portugalen kontra lehiatu eta gero finalera iristea lortu dute, baina ezin izan diote Frantziari aurre egin. Finala 26-7 galdu dute.