Durangoko Kirolene kirol irakaskuntzen ikastetxe publikoaren egoitza berria non kokatuko den iragarri dute gaur: Landakon eraikiko dute, Arripausueta auzuneko etxebizitza berrien eta Open gimnasioa zenaren arteko orubean. Lur sail horrek 3.484 metro karratu ditu.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Landakako orube hori bisitatu dute gaur eta han eman dituzte zehaztapenak. Iazko urte amaieran Kirolene Tabiran egitea baztertu zuten, espazio falta argudiatuz. Landakon, ordea, tokirik "onena" bilatu diotela adierazi du Elkoroiribe alkateak, "bai kokapenagatik eta bai espazioagatik". "Durangoko kirolgune handiena edo garrantzitsuena Landakokoa da. Bertan ditugu kiroldegia, errugbi zelaia, tenisa, padela… Beraz, Kirolene ezin da kokaleku hobe batean egon", adierazi du. Horrekin batera, Kirolenek udalerrian jarraitzeak duen garrantzia estrategikoa nabarmendu du. "Albiste bikaina da Durangorentzat, kirolarekin eta hezkuntzarekin dugun konpromisoa indartzen baitu, gure gizartearen etorkizuna eraikitzeko funtsezko zutabeak baitira".
Pedrosa sailburuak Kiroleneren "garrantzia" azpimarratu du. "Herrialde honetako hezkuntza-eskaintzaren parte da, eta maila garrantzitsua da kirolean, praktikan edo irakaskuntzan aritu nahi duten pertsonek aukeratutako bizi-proiektura egokitutako ibilbidea izan dezaten", adierazi du.
Ibilbide-orria
Kokalekua erabakita, Durangoko Udalaren eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko lagapen-hitzarmena sinatzea izango da hurrengo pausoa. Jaurlaritzari lurra lagatzeko hitzarmena aurtengo apirilean formalizatzea aurreikusten dute. Paraleloki Kirolenek behar dituen instalakuntzak definitzen jarraituko dute. "Lantalde bat aspalditik dabil buru-belarri horretan lanean", adierazi du Pedrosak. Ondoren, aurreproiektua eta proiektua bera idatziko dituzte. Hori guztia kontuan hartuta, "lanak 2027rako martxan izatea" dute helburu Elkoroiriberen esanetan.
Kiroleneren ibilbidea
Kirolene Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren prestakuntza-zentro publiko bakarra da, eta araubide bereziko erdi-mailako eta goi-mailako kirol-irakaskuntzak ematen ditu. Ikastetxea 2009an sortu zen, ordura arte hezkuntza-sistematik kanpo zeuden prestakuntza batzuei balio akademikoa eta profesionala emateko. Harrezkero, apurka, ikastetxeak kirol-modalitate eta espezialitate berriak txertatu ditu, zentroaren prestakuntza-planaren egungo konfiguraziora heldu arte. Gaur egun, 561 ikasle ari dira ikastetxean ikasten.