Kirolene kirol irakaskuntzen ikastetxe publikoaren egoitza berria ez da Tabiran egingo, eta horren ordez Kirol Gune Integratua sortuko dute bertan. Horixe iragarri du Iker Txertudi Durangoko Udaleko Kirol zinegotzi eta Durango Kirolak-eko presidenteak gaur goizeko prentsaurrekoan.
"Ez dago espazio nahikorik". Horixe da Kirolene Tabiran ez kokatzeko arrazoia, Txertudiren esanetan. Edozelan ere, Kirolenek Durangon jarraituko duela segurtatu du. "Kirolenek Durangon jarraitzea albiste bikaina da gure udalerriarentzat. Kirol eta hezkuntza arloan erreferente izaten jarraitu nahi dugu, eta Kirolene gure herrian egotea funtsezkoa da hori lortzeko", gehitu du. Horiek horrela, kokapen berri bat bilatzeko lanean dabiltza. "Urtea amaitu aurretik kokalakeu berria erabakitzea da helburua", gehitu du Txertudik.
Kirol Gune Integratua, Tabiran
Tabirako espazioan kirol-gune zabal bat integratuko duen proiektu bat bultzatuko du udalak, gaur eguneko futbol zelaia nahiz igerilekuak barnebilduko dituena. Espazio osorako sarrera hantxe kokatu gura dute. Gainera, espazio horrek aldagela berriak eta taberna-kafetegia izango ditu, baita zerbitzu osagarriak ere.
Lehen etapa honetan, Udaleko talde teknikoa proiektua idazteko lehen dokumentuak lantzen hasiko da. 2025eko lehen hilabeteetan proiektua garatzea eta obraren lizitazioa 2025eko bigarren seihilekoan hastea aurreikusten da, Tabirako aldagela berriak eta Tabirako Kirol Gune Integratu berria osatuko duten gainerako instalazioak 2026ko udarako martxan egon daitezen.
"Ekimen honekin kirol instalakuntza moderno, seguru eta irisgarrien eskariari erantzun gura diogu", adierazi du Txertudik.
Bestelako hobekuntzak
Era berean, datozen hilabeteetan hobekuntza batzuk egingo dira udalerriko kirol instalazioetan. Horien artean daude futbol 11 eta 7 zelaietan argiak berritzea, ate antipanikoak jartzea segurtasuna hobetzeko eta markagailu berri bat ezartzea. Udalak azpimarratu du proiektua epe luzerako apustua dela, kirol-sarea indartzeko eta erabiltzaile guztientzako kalitatezko ingurunea sustatzeko.
Futbol zelaiaren atzeko aldean dago Kirol Gune Integratuaren erdigunea izango den espazioa.