Udalaren arabera gazteek Gaztetxetik "alde egitea" erabaki dute, Kaletik Gaztetxera dinamikak "desalojo ilegala" izan dela salatu duen bitartean

Anboto 2024ko abe. 15a, 14:09

Kaletik Gaztetxera dinamikak mobilizatzera deitu du gaur, 19:00etan, udaletxeko plazan.

Atzoko gertakarien ostean, Durangoko Gaztetxea, Correoseko eraikin zaharra, hutsik dago une honetan, baina bertsio kontrajarriak daude moduaren inguruan. Durangoko Udalak eraikinaren barruan zeuden gazteek "azkenean espaziotik alde egitea" erabaki dutela dio ohar batean. Kaletik Gaztetxera dinamiko kideek, berriz, errelato hori "faltsua" dela diote eta "desalojo ilegala" izan dela salatu dute sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Honela kontatu dute bart gauetik hona gertatutakoa: "Poliziak gaztetxe barruko kideak ateratzea lortu zuen mehatxu eta jazarpenen bidez. Gau osoan zehar, poliziak sarbide kontrol ilegala mantendu du, eta gaur goizean, ordena judizialik gabe, gaztetxea desalojatuko dutela adierazi digute. Honen aurrean, gazteok gaztetxea defendatzera hurbildu gara eta berriro ere, ertzainen furgonetak bidali dituzte. 12:00etan sarraigileak gaztetxeko atea zabaldu eta espazioa galdu dugu". 

Egoeraren aurrean mobilizaziora deitu dute gaur, 19:00etan, udaletxeko plazan.

Udalak "irtenbide adostuak bilatzeko konpromisoa" adierazi du

Durangoko Udalak, hedabideetara bidalitako oharrean, "gazteentzako espazio-beharrei erantzuteko irtenbide adostuak bilatzeko konpromisoa" adierazi du. "Hasieratik, Udal Gobernua prest agertu da lankidetzan eta elkar ulertzean oinarritutako alternatiba bideragarriak elkarrekin aztertzeko", gaineratu du.

Horren ostean, azken aste bietan emandako pausoak kontatu ditu. Abenduaren 2ko batzarrean ildo bitan lan egitea erabaki zela zehaztu du. "Udalaren aldetik, erabilgarri dauden espazioen aukerak aztertzea eta, gazteen aldetik, beren proiektua garatzea eta beren proposamena indartzeko elkarte baten sorrera baloratzea. Beste bilera bat egiteko konpromisoa ere hartu zen, lankidetzan aurrera egiteko", jasotzen du oharrak.

Abenduaren 6an, bileran erabakitakoa "zapuztuz", gazte talde batek "Correosen eraikina okupatzea erabaki zuen, gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen ez dituen espazioa; detektatutako arriskuen artean, babesik gabeko igogailuaren zuloa eta balkoietako hondatutako barandak daude, eta egoera horiek arrisku larria dira", adierazi du.

Azkenik, abenduaren 9an salaketa ipini zuen udalak eta eraikina uzteko eskaria egin zen. "Hala ere, eraikinak okupatuta jarraitu zuen. Atzo, abenduak 14, gazteek ate irekien jardunaldia antolatu zuten eraikinean. Guztien segurtasuna bermatzeko, eraikinaren egoera ikusita, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agenteak bertaratu ziren eta eraikinera sartzea eragotzi zuten", adierazi dute udaletik atzoko gertakarien harira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!