"Kulturazaleei Durangoko Azokara etortzeko dei egin diegu, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko katebegia direla aitortuz, eta egunotan izan dugun bisitarien joan-etorriak erakutsi digu, kulturazaleak ardura hori hartzeko prest daudela. Horrek guztiak pentsatzera garamatza, kulturazaleek agertu dute nahia praktikara eramateko egiturazko espazioak ugarituko bagenitu, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango lukeela urte osoan zehar", azaldu dute antolatzaileek balorazioan.
Durangoko Azoka osatzen duten guneetan ere jendea ibili dela nabarmendu dute antolatzaileek. "Urteak dira esaten ari garela Azoka Landako Gunean hasten den arren, hori baino askoz gehiago dela, eta aurten berriz berretsi egin da. Guneetako egitarauaren irizpideak finkatu izanak euskal kulturgintza bere ertz guztiekin erakusteko bidea eman digu".
Amaitzeko, bisitariei eskerrak eman gura izan dizkiete, ilara luzeengatik. "Jakitun gara kulturazale askorentzat ez dela bisita erosoa izan, eta erakutsitako jarreragatik eskerrak eman behar ditugu. Hurrengo edizioetan irtenbideak aurkitzen saiatuko gara".