Horrez gainera, berrehun aurkezpen egongo dira, Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneetan. Egitaraua osorik ikusteko, ANBOTOk egitaraua ikusgai utzi du webgunean eta baita ale honetan ere. Azken asteetan, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak bertaratzeko deia egin die kulturazaleei. "Kulturazaleak katebegi garrantzitsua dira kultur sisteman, izan ere, haiek ematen diote egonkortasuna. Landakon bilduko gara kultura bizi eta zaindu gura dugun sortzaile, argitaletxeko kide, kulturgintzako langile eta zaleak. Denak ditugu beharrezko", adierazi du Gaztelurrutiak.
59. edizio honetarako, Durangoko Azokak 750.000 euroko aurrekontua izango du. Bestalde, Azoka Telebistak Hartzea ematea DA izeneko magazina ekoitziko du egunero, eta saioa hainbat kanalen bitartez ikusi ahal izango da: tokiko telebistetan, Durangoko Azokaren webgunean, Youtuben eta ETBn, hain zuzen ere.
Gazte Eztanda
Ikasle Egunaren ondoren, Gazte Eztanda egingo dute bihar, barikua. Gazteei eskainitako egitarau berezian, aurkezpenak, lehiaketa eta kontzertuak egongo dira, besteak beste. Ekimenaren helburuetariko bat belaunaldi arteko transmisioa lantzea da, hartzea eta ematea, azokaren leloak dioen moduan, etorkizunean gazteek emango diote-eta arnasa euskal kulturari. Egunean zehar, LaburmetraDA film laburren maratoia, Ane Berriotxoaren eta Jone Arriolaren film laburren emanaldiak, Miren Amurizaren eta Garazi Albizuaren liburu aurkezpenak, eta Nizeren eta Xsakararen musika aurkezpenak egingo dituzte. Ohiko ekitaldiez gainera, beste ekintza bi ere antolatu dituzte aurten. 14:00etan, 15etik 25 urtera bitarteko gazteek Egin EztanDA! lehiaketan parte hartu ahal izango dute, lauko taldetan. Lehiaketa Landako plazako karpan izango da, eta bertan planteatuko diren jolasek kultura gaiak izango dituzte ardatz. Gerediaga elkarteak eta EuskarAbenturak antolatu dute, elkarlanean. Gazte Eztandak gauez ere jarraituko du, izan ere, kontzertuak egongo dira karpan 22:00etan hasita: Durangaldeko Nekktar hirukoteak eta Naxker talde nafarrak zuzeneko emanaldia egingo dute, eta, ondoren, Xaukena Xauk musika jartzaile zaldibartarrek festa girotuko dute. Gazte Eztandara joan-etorria errazteko, antolatzaileek autobusak ipini dituzte Gasteizen eta Iruñean.
Domekara bitartean, Landako Guneak 10:30ean zabalduko ditu ateak, eta 20:00ak arte egongo da zabalik; abenduaren 8an, ostera, 18:00etan itxiko dute azoka. Bestalde, Durango kanpotik joatekoak diren bisitariei garraio publikoan joateko deia egin diete antolatzaileek. Landako Gunetik urrunen dauden aparkalekuetatik bertaratzeko, doako autobus zerbitzua ipini dute, beste urte batzuetan legez. Azoka zabalik dagoen bitartean, autobusak gutxi gorabehera ordu erdiro irtengo dira Landakorantz.