Zelan sortu zen proiektu hau?
Poesiagazko berezko joera izan dut beti. Hasi ere poesia idazten hasi nintzen, Txaman fanzinean. Aldiro poesiaren bat sehaska-kanta estilorantz joan izan zait, eta, denboragaz, horrelako batzuk banituela konturatu nintzen. Baina oraindino ez nuen proiektu hau buruan. Honen guztiaren katalizatzailea nire umetako liburu bat aurkitzea izan zen: Federico Garcia Lorcaren Poemas y canciones para niños. Ahaztuta neukan eta aurkitu nuenean oroitzapen uholde bat etorri zitzaidan. Kariño handia diot liburu horri. Orduantxe gatzatu zen nire buruan lo-kanta hutsez egindako poema liburua egiteko asmoa. Eta eskerrak ematen dizkiot Elkar argitaletxeari. Horrelako proiektuak konplikatuak diren arren, aurrera eraman dute.
Hainbat osagai duen proiektua da. Alde batetik, idatzizko lo-kantak daude.
Bai. Batetik, idatzizko lo-kantak daude, lau liburuxkatan banatuta: uretakoak, haizetakoak, lurretakoak eta zuretako deitzen dira. Bakoitzean hamar lo-kanta daude. Liburuxka bakoitza tematika baten ingurukoa da. Lurretakoak atalean, esaterako, lo-kanta bat hazten dabilen lore baten ingurukoa da, beste batean orein bat agertzen da, edo barraskilo bat… Uretakoak atalean ura da erdigunea: marmokak, baleak, karramarroak… Liburuxkek berezitasun bat dute: luzetara edo borobilean zabaltzen dira. Oso gustura nago formatu horregaz. Izan ere, umeei ez zaizkie gustatzen estalki gogorrak, bigunak baino, ukigarriak eta mugigarriak direnak. Zer politagorik lo hartu behar duen umeari horrelako liburuxka bat bere aurrean zabaltzea baino.
Batez ere, irudiekin lagunduta badaude. Irudiak Miren Asiain ilustratzailearenak dira.
Ez nuen Miren ezagutzen, eta bere ilustrazioak ikusi nituenean itzelak irudi zitzaizkidan. Perfektuak. Detaile txiki asko, fondo goxo baten barruan. Horman eskegitzeko moduko liburuxkak dira.
Azkenik, Ibon Rodriguez musikariak doinua eman die lo-kanta batzuei.
Nire ingurukoei behin baino gehiagotan entzun diet: "Ez dakit zer kantatu umea lokartzeko". Argi ikusten nuen lo-kanta batzuk abestuta ere egon behar zirela. Hasieran hainbat musikariri proposatu behar nien. Gerora, interesgarriagoa egin zitzaidan ahots bakarraren ideia; musikari iaio batek hainbat estilo landu eta hala ere proiektuari batasun bat eman ziezaiokeela sentitzen nuen. Orduan sartzen da proiektuan Ibon Rodriguez. Aspalditik ezagutzen dut. Proiektu honetarako propio sorturiko doinuak dira. Liburuxketako abestien ia erdiek QR kode bat dute ondoan eta lo-kanta horren abestira bideratzen zaitu.
Zelakoa izan da letrak idazteko prozesua?
Idazten hasi aurretik lo-kanta asko irakurri nuen, euskarazkoak zein beste hizkuntza eta kultura batzuetakoak. Inspirazio iturri izan ziren. Urte bian astiro-astiro egindako proiektu gozagarria izan da. Ni neu lo geratu izan naiz lo-kanta batzuk sortzen. Ingurukoen umeekin ere probatu ditugu. Horrela joan naiz lo-kantak fintzen.
Doinua ala letrak, zer etorri da aurretik?
Irudi bat hartzen nuen, horri bueltaka hasten nintzen, eta, azkenerako, erritmo moduko bat sortzen zuen. Nire buruko melodia hori erabiltzen nuen ahapaldi denetan. Beraz, erritmo hori badago letretan. Uneren batean okurritu zitzaidan Iboni doinuren bat iradokitzea, baina ni ez naiz musikaria eta adituari bere lana libre egiten uztea erabaki nuen. Bere sormena mugatzeko beldur nintzen. Eta eskerrak erabaki hori hartu nuela. Lan aparta egin du. Osotasuna galdu barik, eremu desberdinetara eraman du lo-kanta bakoitza. Letrarik gatxenei ere doinu egokia atera die. Denak a cappella kantatuta daude.
Lo-kantak zenbat urteko umeei daude zuzenduta?
Denentzat dira aproposak, oraindino sabelean dauden haurretatik hasi eta adin guztietako jendearentzat dira. Esaterako, lagun batek yoga egiteko erabiltzen ditu. Eta konturatu naiz gure bizitzan jasotako lehenengo literatura lo-kantak direla, lehenengoz entzuten diren melodiak eta berbak. Ezaugarri batzuk dituzte: errepikakorrak dira, errimak daude, onomatopeiak, irudi onirikoak… Abestia zuzenean ipini ahal zaio umeari eta abestia norberak ikasteko baliatu daiteke. Baina ez da zerbait itxia; letra hartu eta nork bere doinua ipintzea ere aukera bat da. Sormenerako gonbidapena ere bada proiektua.
Abenduaren 7an, 12:10ean, Saguganbaran egongo zarete.
Lo-kanta batzuk kontatu eta beste batzuk kantatu egingo ditugu. Gero, pare bat emankizun prestatzen gabiltza: nik kontakizun bat harilkatu, eta tartean Ibonek lo-kantak abestuko ditu. Entzuleak goxo-goxo etzanda egongo dira, nahiko ilunpetan. Umeentzat zein nagusientzat izango da.