Gazte Eztandaren hirugarren edizioa egingo dute barikuan

Anboto 2024ko abe. 4a, 13:14

Nekktar

Gazteei eskainitako egitarau berezia egongo da Durangoko Azokan abenduaren 6an. Gazte Eztandaren egitarauaren baitan, aurkezpenak, lehiaketak eta kontzertuak egongo dira, besteak beste. 

Ekimenaren helburuetariko bat belaunaldi arteko transmisioa lantzea da, hartzea eta ematea, azokaren leloak dioen moduan, etorkizunean gazteek emango diote-eta arnasa euskal kulturari. Egunean zehar, LaburmetraDA film laburren maratoia, Ane Berriotxoaren eta Jone Arriolaren film laburren emanaldiak, Miren Amurizaren eta Garazi Albizuaren liburu aurkezpenak, eta Nizeren eta Xsakararen musika aurkezpenak egingo dituzte. Ohiko ekitaldiez gainera, beste ekintza bi ere antolatu dituzte aurten. 14:00etan, 15etik 25 urtera bitarteko gazteek Egin EztanDA! lehiaketan parte hartu ahal izango dute, lauko taldetan. Lehiaketa Landako plazako karpan izango da, eta bertan planteatuko diren jolasek kultura gaiak izango dituzte ardatz. Gerediaga elkarteak eta EuskarAbenturak antolatu dute, elkarlanean.

Gazte Eztandak gauez ere jarraituko du, izan ere, kontzertuak egongo dira karpan 22:00etan hasita: Durangaldeko Nekktar hirukoteak eta Naxker talde nafarrak zuzeneko emanaldia egingo dute, eta, ondoren, Xaukena Xauk musika jartzaile zaldibartarrek festa girotuko dute. Gazte Eztandara joan-etorria errazteko, antolatzaileek autobusak ipini dituzte Gasteizen eta Iruñean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!