Mendiolako (Abadiño) auzo eskola sortu zenetik 100 urte bete direnean, bertan ibili ziren ikasle eta irakasleen bizipenak batzen dituen dokumentala egin du Markel Onaindia kazetari iurretarrak Bideografik ekoiztetxeagaz batera: Errekatxo baten onduen. 1923-1924 ikasturtean zabaldu zuten auzo eskola, Julene Azpeitia eta Feliziana Astorkia maistra zirela, eta Mendiolako eta inguruko auzoetako hainbat ikasle joan zen eskolara alfabetatzeko asmoz, 1987ra arte. Guztira 18 lagunen testigantzak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa abenduaren 7an proiektatuko dute. Lehengo eskola zaharrean Errekatxo elkartea dago gaur egun, eta mendiolarren elkargune izaten jarraitzen du.
Nire amaren etxea filma ere emango dute, abenduaren 6an. Carmen 40 urteko emakumea da protagonista Ane Berriotxoa zornotzarrak zuzendu eta idatzitako filmean. Ama galdu duen emakumea da. Ez du inoiz hartu-eman onik izan amagaz, baina orain, jaiotzen ikusi zuen etxearen bitartez eta amaren azalean jarrita, galdera askori erantzun eta zerbait ulertuko du. Iaz estreinatu zuten filma.
Bestalde, orain 25 urte sorturiko Ibaizabal ikastolak "Bost bider bost 25" lelopean aurrera eraman duen bideoklipa ikusteko aukera egongo da, abenduaren 8an, 18:00etan. Peio Azkarateren musikagaz eta Ainhoa Olasoren gidaritzapean sortu dute.