"Beti gustatu izan zait itzulpenak egiteko jolasa"

Maialen Zuazubiskar 2024ko abe. 4a, 08:48

Amaia Egidazu idazle eta ilustratzaile durangarrak bere lehenengo lana itzuli du: 'Itsaso gazian'. Abenduaren 7an, zapatua, aurkeztuko du, Saguganbaran. 

'Por la mar salada' lana itzuli duzu, eta 'Itsaso gazian' bihurtu. Zer da eta nori zuzenduta dago?
Urte bi inguruko umeei zuzenduta dago. Bueno, 0 urtetik aurrerako umeentzat prestatutako liburutxo bat da. Itsasoa da gaia, eta itsaso barruan zein kanpoan gauez topatu ditzakegun animaliatxoak daude. Umetxo bat itsasoan zehar doa, ilargiagaz olgetan, eta animaliekin topo egiten du.

Lanak testu errimatua du, errimak ditu estrofatxoetan, eta, beraz, erritmoa eta musikalitatea ditu. Oso egokia da ume txikientzat. Gainera, kartoizko orrietan eginda dago eta oso aproposa da umeek eurek manipulatzeko, esku artean izateko, jolasteko eta gozatzeko. 

Lana itzultzeaz gainera, doinua ere ipini diozu.
Lan originalak ez zekarren doinurik. Niri gaztelaniaz bidali zidaten testua. Egia esan, joera dut adin txikikoentzako lanetan doinuak, musika eta kantak sartzeko. Eta horrela asmatu nuen doinu hau, baina ez dakit beste hizkuntzetan doinua erabiliko duten. Lana gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta euskaraz kaleratu da. 

Zelakoa izan da itzulpen eta sortze prozesua?
Itzulpena bera gaztelaniaz jaso nuen. Izenburua Por la mar salada da, eta izenburu horrek gaztelaniaz beste esangura bat ere badu, euskaraz ez duena. Beraz, itzulpena egiterakoan ezin duzu literal-literal egin. Euskaraz pentsatu eta euskaraz zelan sortuko genukeen pentsatu behar izan dugu, horixe izan da gure abiapuntua. Itzulpena egiterakoan askatasuna izan dut; azken batean, gure hizkuntzagaz bat datorren zerbait izan behar zen. Profesionalki egin dudan lehenengo itzulpena izan den arren, irakurle taldeetarako askotan egiten dut hori. Nire lagunek ere ondo dakite; parrandan irteten nintzen bakoitzean dena euskaratzen nuen. Betidanik gustatu izan zait itzulpenak egiteko jolasa, bai hizkuntzagaz bai musikagaz. 

Eta doinuaren sortze prozesuari dagokionez, barrutik irteten zait. Sarri egiten dudan gauza bat da. Askotan erabiltzen ditut erritmo eta errimadun gauzak. 

Zelan jaso zenuen lan hau egiteko berria?
Berez, aurretik inoiz ere ez dut honelako lanik egin. Pamielako kide Karmenek lan hau egiteko nigan pentsatu zuela jakiteak asko poztu ninduen. Niretzat erronka polita izan da, asko disfrutatu dut. 

Gainera, lanaren egileak Nieves Garcia idazlea eta Marina Gibert ilustratzailea izatea eta euren lan bat euskaratzea berezia izan da niretzat, biak ala biak ibilbide polita egin duten emakumeak direlako

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!