Zein da munduan bizi dugun egoeraren erretratua?
Azken urteotan nazioarteko ordena hautsi egin da eta sortutako testuinguru oso ezegonkor horretan indar militarraren erabilera dabil normalizatzen nazioarteko eszenatokian. Horri azken urteotako krisi ekosoziala eta honen ondorioak batu behar zaizkio. Biak elkarlotzen ari dira. Korapilo hori gerra dinamiken bitartez askatzeko tentaldi bat egon daitekeela mahaigaineratu dut liburuan: ezer egin ezean gerra da egungo gizartearen ortzimuga. Horren aurrean, erantzuna bakearen bandera altxatzea izan behar dela planteatzen da, Euskal Herritik ere, eta esparru guztietan, gerra oro elikatzen duen zantzurik txikienak oztopatzen saiatuz.
Beraz, gerra da irtenbide bakarra?
Hori ematen du. AEBak galtzen ari dira munduan izan duten hegemonia, krisian daude, gainbeheran. Eta krisi horri eszenatoki belikoak sortuz ari zaio erantzuten. Gerra dinamikekin sorturiko indar harremanen bitartez, ordena berria eratzen dabil. Gainera, eragin zuzena dute herrialdeen barne dinamikan: barne politika lagun-etsai eskemetan artikulatzen da, gerra erregimena babesten duen oro bihurtuz sistemaren lagun, eta aurka kokatzen dena etsai. Ondorioz, mendebaldeko demokrazia liberalak geroago eta autoritarioagoak, patriarkalagoak eta kolonialagoak dira. Krisi ekosozialagaz lotuta, esplotazio erregimenak gogortuz eta gerra dinamika inperialen bitartez lortzen dira agortzen ari diren baliabideak, eta geroago eta gatxagoa den etekin ekonomikoa.
Boterea birbanatzen ari da.
Trantsizio geopolitiko batean gauden zantzuetariko bat da munduaren gune ekonomiko, politiko, teknologiko eta demografikoa mugitzen dabilela, geroago eta ekialderago. AEBen krisia baliatuta, nazioartean euren ahotsa errespetatzea eskatzen duten aktore berriak agertu dira; nagusiena, Txina. Europa, ostera, gainbehera prozesuan sartuta dago, noraezean; munduaren erdigunean egotetik periferian kokatzeko trantsizioan. Polo bakarraren bueltan eratutako mundutik mundu multipolar bateranzko trantsizioan gaude. Eztabaida da zenbateraino ari diren polo anitzak sortzen edo bigarren polo bat sortzen.
Zelako erantzuna izan du liburuak?
Mundua eraldatu gura bada aurretik garrantzitsua da hori ondo interpretatzea. Premisa horretatik abiatuta, eztabaidarako proposamen bat da liburua. Gaia erarik pedagogikoenean lantzen ahalegindu naiz, eta, alde horretatik, pozik nago. Eskertu dute ahalegina. Nahiko erraz ulertzen dela esan didate.