"Tailerrak Saguganbaran egiteak ilusioa egiten dit"

Anboto 2024ko abe. 3a, 11:30

Usue Egia, Durangoko Ibaizabal auzoan daukan Marrazki tailerrean.

Usue Egiak (Durango, 1992) sormena eta jolasa lantzeko tailer bi emango ditu Saguganbaran. Abenduaren 5ean izango dira, LH3tik LH6ra arteko ikasleei zuzenduta.

Zelakoak izango dira emango dituzun tailerrak?
Tailerretan sormenaren eta jolasaren arteko hibridazio bat egitea pentsatu dut. Errotuladoreak edo koloretako arkatzak erabilita margotu barik, materiala moztuta eta itsatsita margotuko dugu. Elkarlanean onarrituriko sorkuntza saioak izango dira. Parte hartzaile bakoitzaren ekarpenak baliatuta, pertsonaiak sortuko ditugu. Lanak taldeka egingo ditugu, bakoitzak bere estilo propioa ipinita. Hori guzti hori aberasgarria da. Tailer bi izango dira, bakoitza ordubetekoa. 

Sortuko dituzuen pertsonaiak literaturara lotuta egongo dira?
Ez dago pertsonaiak sortzeko helburu zehatzik. Parte hartzaile bakoitzaren ekarpenetik tiraka sortuko ditugu pertsonaiak. Gero, bai, pertsonaia horiei izen bat, kokapen bat, istorio bat, testuinguru bat eman diezaiekegu. Baina ordubeteko tailerra mugatua da eta ez dugu horretarako astirik izango. Edozelan ere, pertsonaia horiek istorioak garatzeko baliatu ditzakegu gero. Horixe da ideia.  

Horrelako tailer batek zelan laguntzen du sormena aktibatzen?
Helduok beharbada ez diogu honi gehiegi erreparatzen, baina jolasak gure barruko irudimena aktibatzen laguntzen du. Jolasten gabiltzan bitartean, alde batera uzten ditugu buruan ditugun pentsamenduak. Ez dugu helburu zehatz bat finkatzen, ondo pasatzean ipintzen dugu arreta. Eta, helburua baino gehiago, prozesua izaten da inportanteena. Adibidez, jolas prozesu horretan frustrazioak etorri daitezke. Ariketa bat egitean, beharbada, ez duzu aurrera egitea lortzen, eta horrek irakaspen bat uzten dizu. Jolasaren bitartez, frustrazioa kudeatzen ikasi dezakegu, gero bizitzako egoera batean antzerako sentipenak izan ditzakegu eta. Inportantea da irudimena lagun artean lantzea.  

Tailerrak eman bitartean, zeure saltsan egongo zara; etxean, Durangon, eta artea inguruan.
Tailerrak Saguganbaran egiteak ilusio berezia egiten dit. Orain urte bi, Saguganbara dekoratzeko aukera izan nuen. Ilustrazioak egin nituen. Eta orain marrazki tailer bat, sormen tailer bat, Berbaroren eskutik eta nire herrian, Azokan bertan, egitea oso ilusionagarria da.  

Durangoko Azokan letrak eta musika dira zutabe nagusietako bi. Zer leku du irudiak?
Iruditzen zait geroago eta garrantzi handiagoa hartzen dabilela. Literaturan geroago eta album ilustratu gehiago ikusten da. Irudia lekua hartzen dabilelakoan nago. Ez dakit zerk eragin duen arrakasta hau. Ni neu pozik nago joera horregaz, letrez gainera irudiak beste dimentsio batzuetara eramateko gaitasuna ematen digu eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!