"Irakurzaletasuna bultzatzea da helburua"

Anboto 2024ko abe. 3a, 09:20

Umeak eta gazteak euskal kulturara gerturatzeko aukera emango du Saguganbarak, 2024ak haur eta gazte literaturan ekarritako uzta ezagutzeko plaza ezin hobea bilakatuta.   Itxasne Arabiourrutiak (Elorrio,1998) gune horren ardura du. Abenduaren 5etik 8ra bitartean, hainbat aurkezpen eta ekitaldi batuko du, Durangoko Berbaro euskara elkartearen eskutik. 

Saguganbarak Durangoko Azokagaz batera zabalduko ditu ateak. Zer topatuko dute bertara doazen bisitariek?
Umeak, gazteak eta familiak kulturara gerturatzeko gunea da Saguganbara, eta bertara doazen bistariek haur eta gazte arloan argitaratu diren euskarazko sormen lanak aurkituko dituzte. Horrez gainera, ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak, ikuskizunak, pailazoak, tailerrak, iazko Sormen Bekako irabazleen proiekzioa... Irakurketa librerako denbora ere emango du, ekitaldirik ez dagoen tarte horietan. Horretarako, aurtengo nobedadeak eta iazko lan gomendagarriak egongo dira eskura. Ume eta gazteei zuzenduriko euskarazko ekoizpena ezagutaraztea da helburua, eta, era berean, irakurzaletasuna bultzatzea eta umeak eta gazteak euskal kulturara hurbiltzea.

Durangoko Azokaren barruan oso finkatuta dagoen gunea da.
Sortzailearen edo ekitaldiaren arabera, jende gehiago edo gutxiago etortzen da, baina, orokorrean, ekintzek oso harrera ona izaten dute. Une oro dago norbait. Uste dut familia guztiek dutela buruan Saguganbarara ostera egitea. Askorentzat nahitaez bisitatu beharreko gunea da. Pailazoek eta ipuin kontalariek batzen dute jenderik gehien.

Zeintzuk dira aurtengo nobedadeak?
Hainbat argitalpen berri dago. Horien artean, Amaia Egidazuren Itsaso Gazian, Peru Magdalenaren Lo-kantak eta Eider Eibarren Kokoak aipatuko nituzke. Yolanda Arrietaren Gutunak birramamari eta Antton Kazabonek argitara emandako Amestoki goxoa, Elbiria Zipitria andereñoa eta Nire musika-kutxa argitalpenak ere izango ditugu, besteak beste. Idazleak ez ezik ilustratzaileak eta artistak ere etorriko dira.

Beste zeintzuk ekitaldi nabarmenduko zenituzke?
Badaude urtero jende asko erakartzen duten ekitaldiak ere. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Potx eta Lotx pailazoek eta Ene Kantak taldeak egindako aurkezpenak, adibidez. Horrez gainera, Julian Rodriguezek Txanogorretxu argitalpena aurkeztuko du, gorren komunitateari ikusgarritasuna ematen dion lana; Nerea Ariznabarretak eta Maite Rosendek Mamuki aurkeztuko dute, Etxepare Saria irabazi duen liburua. Bestalde, Berbaro elkarteak Durangaldeko Mankomunitateagaz batera sortu duen Txalopin Txalo kantu liburua aipatuko gura nuke, familia bidezko transmisioa bultzatu gura duen argitalpena. 

Irakurzaletasuna bultzatzeko, Berbaro elkarteak Haur eta Literatur Aretoa ere antolatzen du, hainbat ikasleren parte hartzea izaten duen proiektua.
Halaxe da, bai. Aurten 4.945 ikaslek parte hartu dute, Durangoko, Elorrioko, Berrizko, Zaldibarko eta Zornotzako ikastetxeetakoak. Ipuin kontaketa, ipuin musikatua, antzerkia, eta aurtengo argitalpen berriekin eta iazko gomendagarrienekin erakusketa girotua egin dugu. Saroa Bikandik eta Peru Magdalenak gidaturiko tailerrak ere egin ditugu. Haur eta Literatur Aretoa oso egitasmo garrantzitsua da irakurzaletasuna bultzatzeko; baita umeek euren herrietan dituzten kulturgune edo azpiegiturak ezagutzeko ere. Gure ustez, garrantzitsua da umeek txikitatik liburu bat edukitzea eskuetan, eta horrelako guneetara joateko ohitura hartzea ere bai. Garrantzitsua da liburu bat hartzeko, ukitzeko, usaintzeko interes bat piztea eurengan. Urrian hasi eta abendura arte egiten dugu, Durangoko Azokaren atarian. Umeentzako irakurgida bat ere kaleratzen dugu.

Durangaldeko gainerako herrietara zabaltzea gura zenukete?
Bai. Benetan sinesten dugu proiektu honetan, eta uste dugu badagoela premia. Familia batzuetan ez dago antzerkira edo ipuin kontalari bat ikustera joateko ohiturarik, eta proiektu hau eskolen bitartez bideratzen denez, ume askorentzat aukera izugarria da.

Aurten zure lehenengo Saguganbara izango duzu. Zelan hartu duzu ardura?
Erantzukizun handia da baina oso gogotsu hartu dut. Uste dut izugarrizko egitasmoa dela eta gogotsu nabil lanean. Apur bat urduri ere banago, dena ondo irtetea gura dudalako. Baina oso pozik nago. Orain arte bisitari lez ezagutu dut Durangoko Azoka, eta ez zara konturatzen zenbateko lana dagoen atzean. Uste dut gune guztiok lan handia egiten gabiltzala, eta bisitari lez hori guzti hori aprobetxatu beharko genuke. Beraz, herritar guztiak Azokara joatera gonbidatzen ditut, umeak, gazteak, helduak, familiak.... Euskal kulturan murgiltzeko aukera handia da, eta dauden sortzaile guztiak ezagutzeko ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!