Zelan sartu zen artisautza zure bizitzan?
Aurretik makrameagaz gauzak egindakoa naiz, hobby lez. Gerora, Interneten ere ikusi ditut makrameagaz animalientzat egindako lepokoak. Beraz, orain urte eta erdi probatzea erabaki nuen. Makramea eskulangintza edo arte originala iruditzen zait.
Baserriko inguru naturalean bizi zara, animaliaz inguratuta. Bikotekideak eta biak sei txakur eta hamahiru zaldi dituzue, besteak beste. Hau guzti hau sorkuntzarako inspirazio iturri duzu?
Animaliak oso inportanteak dira niretzat, baita landareak ere, eta nire sorkuntzetan nabaria da hori. Naturatik ideiak hartzen ditut; adibidez, koloreak eta euren konbinazioa. Begira udazkeneko kolore abanikoari. Urtaro bakoitzak bere koloreak ditu eta asko erreparatzen diet.
Zelan sortu zen Euskal Dendan parte hartzeko aukera?
Euskal Denda behin bisitatu dut, orain hiru-lau urte. Lagun batek postu bat zuelako joan ginen. Gerora, ezagutzen ditudan artisau batzuek azoka ikaragarria zela esan zidaten, eta "probatu dezaket" pentsatu nuen. Bilboko Gabonetako azokan ere egongo naiz. Biak aukera handiak dira eta oso pozik nago.
Produktu asko egin beharko duzu azoka bietara eramateko. Estres handiko egunak dira hauek?
Bai, oso estresagarriak. Galdetu nire bikotekideari: "Lasai hartu, Leoni!", esaten dit. Stock handia behar dudala esaten didate denek. Urritik hona geratu barik nabil. Ordu asko dira eta atzamarretan igartzen dut, egia esanda. Baina ez dit ardura. Asko gustatzen zaidan lana da eta ilusio handiagaz nabil.
Zer espero duzu Euskal Dendatik?
Ardura apur bat dut, produktu nahikoa egingo ote dudan, jendeari gustatuko ote zaion… Jendeari gustatzen bazaio, horixe izango da niretzat saririk onena. Batzuetan, beste azoka batzuetan nagoenean, inoiz ikusi dut txakur bat nik egindako lepoko bategaz, eta asko pozten nau. Lan guztiak merezi duela sentitzen dut.
Eskaripean lan egiten duzu?
Bai, eskariak negozioaren parte inportantea dira. Azoketan nahiz Instagrameko kontuan [@nudame_] egiten dizkidate eskaerak. Esaterako, lepoko bat gustatu zaie baina handiegia edo txikiegia da, eta beste tamaina batekoa eskatzen didate. Nik baietz esaten diet, baina zertxobait aldatuko dudala: kolorea, itxigailua… Izan ere, txakur bakoitzak bakarra eta originala den zeozer eramatea gustatzen zait.
Txakurrentzako lepokoez gainera, zer beste produktu egiten duzu?
Denerik: txakurrentzako lepoko normalak, kaparren kontrakoak, uhalak eta jolasak; zaldientzako eta astoentzako kabestruak; loreontziak sabaitik eskegitzeko euskarriak; eskumuturrekoak, diademak eta esterak eramateko uhalak; eta baita umeentzako sehaska gainean zintzilikatzen diren jostailu mugikorrak, besteak beste. Animalientzat egindako guztia paracort materialagaz egiten dut, jausgailuak egiteko erabiltzen den materiala.
Zer produktuk du eskaerarik handiena?
Txakurrentzako lepokoek eskaera handia dute. Jendeari asko gustatzen zaizkio eta originalak direla diote. Loreontziak zintzilikatzeko euskarrietan gauza bitxi bat gertatzen zait. Batzuentzat denboran bidaiatzearen modukoa da. Txikitan egin izan dituztela esaten didate.
Egin duzu inoiz zuretzat esangura bereziren bat duen produkturik?
Behin katuentzako ohe bat egin nuen, gauza berriak sortzea gustatzen zaidalako. Instagrameko kontuan ipini nuen, erakusteagaitik bakarrik, ez saltzeko kontuagaz. Ba, argazkia igo eta ordu erdira pertsona batek erosi zidan, asko gustatu zitzaiola eta. Gero, gauza bat gertatzen zait. Egindako produktuen artean, neure kutunak ditut, koloreagaitik edo dena delakoagaitik. Eta euretariko bat saltzen dudanean, pena ematen dit, ez dudalako gehiago ikusiko (barreak). Baina aldi berean poztu egiten naiz, jabe berri bat duelako.
Belgikan zelakoa da artisau mundua?
Belgikan bigarren eskuko azoka asko dago, baina artisautza arlokoak apenas ikusten dira. Hemen, ostera, artisau azoka asko dago. Kuriosoa da, Belgikan ez dugu kultura hau. Niri neuri asko gustatzen zait artisau azokak bisitatzea: ikusi, galdetu, oparietarako erosi…
Gaur egun, Interneteko salmentak aurrea hartu dio aurrez aurrekoari ala azokek funtsezkoak izaten jarraitzen dute?
Nik urte eta erdi daramat mundu honetan, baina, nire esperientziatik, azokek garrantzitsuak izaten jarraitzen dute.