Euskal Dendak eguenean zabalduko ditu ateak —abenduak 5— , 10:30ean, Durangoko Udaleko eta beste erakunde batzuetako ordezkariak han direla. Abagune hori aprobetxatuko dute Vidal omentzeko. Gainerako egunetan, azokak ordutegi hau izango du : 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Domekan apur bat lehenago itxiko dute iluntzean: 20:00etan, hain zuzen ere.
Iazko aldia bereziki arrakastatsua izan zen Euskal Dendarentzat. Bisitarien erregistro historiko guztiak gainditu zituen, 41.164 bisitarigaz. Ordura arteko langa 35.000 bisitaritan zegoen.
53 postu, zazpi eskualdekoak
Aurten 53 postu ipiniko dituzte merkatu plazako luze-zabalean. Zenbakiei dagokienez, ohikoa den moduan, Bizkaiko sektoreak izango du ordezkaritzarik handiena, 32 postugaz. Hurrengo, Gipuzkoa dator, bederatzi postugaz. Nafarroatik zazpi etorriko dira, eta Arabatik bost. Euretariko batzuek lehenengoz zapalduko dute Merkatu Plaza.
Durangaldeak zazpi postu izango ditu, iaz baino bat gehiago. Sei berriro etorriko dira: Eneko bitxiak, Gorakat, Restaurarte, Jantzie, Amalur eta Veletta. Bat berria da: Nudamé.
Eneko Unzalu mañariarrak urte asko daramatza Euskal Dendan parte hartzen. Dendako beteranoetariko bat da. Urtero legez, berak eginiko mota guztietako bitxiak erakutsiko ditu. Elorrioko Gorakat dendakoen poltsek eta motxilek beteko dute beste stand bat. Aurten, zazpigarren parte-hartzea izango dute. Azkenik, Restaurarte zaharberritze tailerrekoak ere hainbat bider egon dira Euskal Dendan, eta 2010ean standik onenaren saria jaso zuten.
Jantzie, Amalur eta Veletta iaz estreinatu ziren Euskal Dendan. CY Jantziak-ek euskal tradizioagaz loturiko jantziak eta tresnak eramango ditu batez ere: kaikuak, festarako baserritar jantziak, doluzkoak edo dantzakoak, eta tradiziozko prakak, alkandorak... Zornotzako Euskal Herria enparantzan dute euren denda. Durangoko Velettaren produktu izarrak toteak eta motxilak dira. Eskari bidez lan egiten du, Interneten (www.veletta.shop) eta sare sozialetan Instagramen (@myveletta). Abadiñoko Amalurrek mota guztietako arropak eramango ditu merkatu azokara.
Berrizko Nudamé lehenengoz egongo da aurten; makramea lantzen dute bertan. Hauek dira sortzen dituzten produktu batzuk: txakurrentzako lepokoak eta uhalak, animalientzako kabestruak, eta loreontziak sabaitik eskegitzeko euskarriak. Eskumuturrekoak ere egiten dituzte.