"Durangoko Azoka gune ederra izaten da batzeko"

Maialen Zuazubiskar 2024ko aza. 26a, 11:50

Argazkia: OLGA RUIZ

Leire Bilbao idazle bizkaitarrak ez du lan faltarik izan azken hileotan. Lan berri bi aurkeztuko ditu aurtengo Azokan: Zerua lapurtu dute! eta Klera. Bilbaok lan bi argitaratu ditu eta abenduaren 6an aurkeztuko ditu biak. 'Klera' Talaian aurkeztuko du, 12:00etan, eta 'Zerua lapurtu dute!' Saguganbaran, 14:00etan

Hasteko eta behin, badator Durangoko Azoka eta ez dago Azokarik Leire Bilbaoren lanik barik. Zelan zaude?
Durangoko Azoka gune ederra izaten da batzeko, bai sortzaile bai euskal kulturako lagun askorentzat, eta gogotsu nago, bai. Abenduko zubi horretan Durango bera ere Euskal Herriko txoko guztietako jendez betetzen da eta ederra izaten da giro hori ikustea euskal kulturaren inguruan.

Zure lanei dagokienez, lan bi aurkeztuko dituzu. Alde batetik, Zerua lapurtu dute! disko ilustratua, Katxiporretako lagunekin batera. Zer topatuko dugu ipuin-disko horretan?
Katxiporretako kideak sortzen ibiltzen dira une oro, eta aurten Aranzadi Astronomia elkarteak pailazoen irismena erabiltzea erabaki du gai garrantzitsu baten inguruan berba egiteko. Aranzadikoek sudurgorriengana jo zuten argi-kutsaduraren inguruko lan bat egiteko. Hau da, zerua denona da eta gehiegizko argi kutsadurak ez digu uzten izarrak ikusten. Orain urte asko, esaterako, itsasgizonek izarrei begiratuta egiten zituzten bidaiak. Zerura begiratuta mundua deskubritzeko aukera zuten, eta hala bidaiatzen zuten eurek. Baina orain, itxura batean, lapurtu egin digute zerua, eta hori deskubritzen lagunduko dute pailazoek. 

Azken batean, honegaz erakutsi gura da guk geuk lapurtu diogula ondare natural hori geure buruari, gizakiok, eta argi-kutsaduraren kontzientziazioa landu beharra dagoela. Gainera, gaur egun, askotan jestua aldatuta gabiltza, kokotsa behera, mugikorrari begira, eta beste pantaila horretan ditugu begiak itsatsita, zerua ez den beste pantaila horretan, eta pentsatzen dugu mundua hor dagoela. Beraz, umeek eta helduok kokotsa altxatu eta beste espazio batzuetara begiratzea da asmoa. Mugikorrei planto egin eta gure ingurura eta zerura begiratzea.

Lana album bat da, 12 kanta ditu, eta horietatik lau berriak dira, beren-beregi disko-libururako sorturikoak. Letrak neuk egin ditut eta Xabi Zabala da konpositorea. 

Ez da Katxiporretako kideekin lan egiten duzun lehenengo aldia. Zelako esperientzia da zuretzat pailazoekin lan egitea?
Sudurgorriekin lan egitea zoragarria da. 2018an egin genuen lehenengo lana elkarlanean, Musua. Oso harrera ona izan zuen eta ordutik hona hainbat lan egin izan dugu. 

Bestalde, Klera lana ere kaleratu duzu. Zer jasotzen du liburu honek?
Klera album bat da itxuraz, baina ez da marrazki, ilustrazio eta berbekin osaturiko album soil bat. Artefaktu literarioa da. Bertan, hainbat lengoaia erabiltzen da. Neureak dira hitzak, June San Sebastianenak ilustrazioak, eta zerbait gehigarria dago. QR kode batzuk daude, eta horiek zabalduz gero, irakurleak Kukai dantza taldeko dantzariak aurki ditzake, Maite Larbururen musikaz lagunduta eta David Bernuesek iruditan jasota. Horrek guzti horrek koska bat gorago eramaten du irakurketa, nahiz eta oinarrian berba egon.

Berba horretan zer jasotzen da? 
Orain 14 bat hilabete Jon Mayaren enkargua jaso nuen. Euren jarduna oholtzan hasten dela esan zidan, baina bertatik bajatzen direnean euren lana, modu batean, lurrundu egiten dela. Eta, beraz, zerbait euskarri fisiko batean atera gura zutela esan zidan. Hainbat buelta eman nion gaiari, zer kontatu genezaken erabakitzeko, eta Ukrainako gerra aspaldi hasita zegoela jakinda eta handik gutxira Gazako bonbardaketak ere hasi zirela ikusita, hauxe proposatu nion: gerretan haurrak hiltzen dituztela erakutsiko dugu? Eta, zehatzago esanda, gerra bat bertatik bertara bizi duen umeak heriotzagaz duen elkarrizketa erakutsiko dugu? Ze, ez da berdina guk guretik izan dezakegun elkarrizketa edo gerra baten erdian dagoen ume batek eduki dezakeena. Orduan, aldarri bat ere bada, gerretan umeak hiltzen dabiltzala, eta horren gaineko kontakizun fikzionatu bat da, lengoaia artistiko desberdinekin. 

Klera-n ere elkarlana izan da oinarri?
Bai. Eta dantzaren eta irudiaren arteko elkarlan horrek beste irakurketa posible batzuk eman dizkio liburuari. Elkarlan horrek artefaktu literario egiten du liburua. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!