"Lan guztiak bihotzez egiten ditugu, pasioz"

Maialen Zuazubiskar 2024ko abe. 1a, 10:20

Udatxo eta Balu. DURANGOKO AZOKA

Udatxo eta Balu artistek Hartzea ematea DA! lelopean egin dute 59. Azokako kartela, biek batera, elkarlanean. Esperientzia "zoragarria" izan dela azpimarratu dute.

Aurtengo kartela bien artean sortu duzue. Zelako prozesua izan da?
Udatxo: Prozesu polita izan da. Azokakoek kartela biok elkarregaz egiteko gonbidapena egin ziguten, eta pozik hartu genuen berria. Elkar ezagutzen genuen apur bat, aurretik elkarrekin lanen bat eginda geundelako, eta prozesua nahiko erraza izan da. Hasieran ideia nondik nora eraman kostatu zitzaigun apur bat, baina behin martxa hartuta dena oso ondo joan zen.
Balu: Elkarrekin egin ditugun lanak eta bakarka egin ditugunak beti gustatu izan dira. Oso lengoaia iguala dugu. Udatxorekin lan egitea oso erraza da.   

Zein izan da kartelaren muina?
Balu: Hartzea ematea Da! lelotik abiatuta, ideia zentral modura zein elementu ipiniko genuen hasi ginen pentsatzen. Eta biok eskuekin gauzak egiten ditugula ikusita, gure lan tresna eskuak direla ikusita, Udatxok bi esku irudikatu zituen pintzelarekin, eta ni karteleriarekin jolasten hasi nintzen. Hartzea ematea da! leloarekin jolasten hasi ginen, Durangok zer eskaintzen dion euskal kulturari eta biztanlegoari.
Udatxo: Gauzak ipini eta kentzen ibili ginen, eta, horrela, azken emaitzara heldu ginen. Gainera, bukaeran konturatu ginen gure konposizioak bihotz forma zuela. Eta ez dakit kasualitatea den ala horrela izan behar zuen, baina konturatu ginen bihotzak lotura handia duela hartu-emanarekin, hartzea ematea da horrekin.
Balu: Bihotzarena oso metafora polita da. Egiten ditugun lan guztiak bihotzez egiten ditugu, pasioz. 

Pozik geratu zarete emaitzagaz?
Balu: Oso pozik. Kartela bion artearen arteko oso nahasketa polita da. Gainera, garrantzitsuena da jendeari asko gustatu zaiola publiko egin dugunean. Azokako kartela egitea guri eskatzea oso gauza polita izan zen, baina are politagoa emaitza jendeari gustatzea.
Udatxo: Proposamena egin zigutenean, niretzat oso berezia izan zen, beldur apur bat ere izan nuen. Baina emaitza ikusi genuenean oso pozik geratu nintzen. Gogoa dut azoka heldu eta nolako harrera duen ikusteko. Norberaren lan bat euskal kulturaren plazako kartela izatea izugarria da. 
Balu: Niretzat ohore bat da. Durango musikaren eta liburuen plaza da berez, eta, nolabait, gure lanak izan duen oihartzunarekin artea ere sartu dugu Durangoko Azokan. Artelan honekin Azokak beste esparru bat irekitzen duela sentitu dut, eta artea Durangoren moduko plaza batean sartzea oso gauza positiboa da. Ea hurrengo urteetan ere ahalegin hau egiten den, beste artista batzuei aukera emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!