"Fikzioa aukeratu dugu guk fikzioa kontsumitzen dugulako"

Aritz Maldonado 2024ko aza. 30a, 10:20

Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbide. MARRAMIAU

Ihintza Iriartek, Uxue Bereziartuak eta Miren Bereziartuak sortu zuten Marramiau Sorkuntza taldea, iaz; 'Argizubi, zubiak adiskidetasunerantz' lanagaitik Sormen Beka jaso zuten eta aurten aurkeztea dagokie. 

Garai batean, lurtarrek planetak elkarren artean konektatzen dituzten argizubiak beste planetak menderatzeko erabiltzen zituzten. Ondorioz, unibertsoko gainerako biztanleek bakartu egin zuten Lur planeta argizubiak debekatuz. Testuinguru horretan, memoria lanketaren falta jorratzen dute Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz istorioan. "Belaunaldi berriek ez dute ezagutzen historia, ez dakite nola iritsi diren bizi duten egoerara". Lur eta Nahi estralurtarrek, debekuari aurre eginez, lurrera bidaiatu eta Izei ezagutuko dute. Hiruren abenturak ikusiko dira telesailean. Laguntasun harreman hori izango da istorioaren ardatza, eta, horrez gainera, ordura arte planeten artean zegoen bake egoera-edo irauliko dute. Premisa horretatik abiatuko da Sormen Beka irabazi duen istorioa. Hamar bat minutuko sei atalek osatzen dute telesaila; atal bakoitzak bere istorio propioa izan arren, trama batzuk orokorrak dira eta sei ataletan zehar aletuko dituzte. "Atalak banaka ikusi daitezke, edo jarraian, ordubete inguruko pelikulatxo bat osatuz", azaldu du Ihintza Iriarte Marramiauko kideak. 

Gogotsu lana aurkezteko? Igarri duzue presiorik?
Iaz hasi ginen proiektu honi bueltak ematen, batez ere Uxue eta Miren. Animaziozko telesail bat egiteko asmoa genuen. Sormen Bekaren deialdia haurrei zuzendutako euskarazko proiektua zela ikusita, horretara bideratu zuten proiektua. Ez genuen espero, baina guri eman ziguten beka. Proiektua fintzen hasi ginen eta urte honetan nahikoa presio igarri dugu, denbora behar delako horrelako proiektu bat egiteko. Gainera, anbiziotsuak izan gara eta proiektuak guk hasieran uste genuen baino dimentsio handiagoa hartu du. Azken momentura arte gaude gauzak borobildu eta fintzen.

Dimentsio handiagoa diozunean, lantaldea handitzeari buruz ala produktuari buruz zabiltza?
Bi aldeetatik. Aukera eman nahi genien sortzaile berriei parte hartzeko. Nik ahotsak jarri ditut eta hau egiten dudan lehenengo aldia da; gainerakoak aktoreak dira, baina ez dakit inoiz bikoizketan jardun duten; Uxuek eta Mirenek ere lehenengoz parte hartu dute honen tamainako proiektu batean. Proiektua handitzen joan da aurrera egin ahala; formakuntzarekin-eta profesionalagoen eskutik laguntza jaso dugu. Nerea Arriolak, adibidez, asko lagundu digu.  

Euskaraz kalitatezko eduki falta dute umeek. Horrek presioa gehitu dizue sortzerakoan ala aurrekaririk ia ez egoteak askatasuna eman dizue?
Esango nuke askatasuna eman digula. Euskarazko animazioa egon badago, baina kanpotik ekartzen dutena. Beraz, hutsune hori bete nahi genuen euskaraz egindako animazio batekin, Euskal Herrian sortua eta Euskal Herriko publikoarentzat. Beraz, askatasunez hartu genuen; eta erreferentziak, adibidez, euskal publikoak hartzeko modukoak hartu ditugu. Beraz, bai, askatasunetik hartu dugula esango nuke. Egia esan, orain sentitzen dugu presio apur bat, erreferentziak ulertuko ote diren. 

Zientzia-fikziozko animazio telesail bat da Zubiargi. Fikzioak erraztu egiten du pedagogia egitea?
Fikzioa aukeratu dugu gu ere oso zaleak garelako. Istorioa girotzeko, unibertso oso bat irudikatu ahal izan dugu, unibertso paralelo bat, eta planeten artean ibiltzen dira protagonistak, baina errealitatearen kutsu handia du, azken finean, funtsean Lur planetan garatzen delako istorioa. Guri, funtsean, zientzia-fikzioa kontsumitzea gustatzen zaigu. Protagonista ere Lur planetakoa da, eta gertakariak ulertu daitezke.

Marramiau bezala, lehenengo proiektua duzue elkarregaz?
Bai. Uxue bere aldetik ilustratzailea da; besteak beste, Pakita Studion sormen tailerrak ere ematen ditu. Miren soinuaren munduan dabil lanean, eta zenbait proiektutan parte hartu dute; adibidez, Belarri bero, bai esan? telesailean. Marramiau bezala hirurok elkarrekin egin dugun lehenbizikoa da, eta animaziozko telesail bat egitea aukera ona iruditu zitzaigun Mirenen soinua, Uxueren irudiak eta nire ahotsa batzeko.

Horrelako proiektuak bultzatzeko, zein neurritan dira beharrezkoak diru laguntza hauek?
Proiektu hau orain egiten ari bagara, diru laguntza honengatik da. Beharbada, aurrerago ere egingo genuen gure aldetik, baina momentu honetan, horrelako epeekin eta horrenbesteko babesarekin egin behar. Dirua edukitzeak erraztasun batzuk ematen dizkizu; adibidez, estudio profesionaletara joan gara grabatzera; langileei ondo ordaintzen saiatu gara, eta horrek produktuaren kalitatea handitzen lagundu du. Horrelako diru laguntzak beharrezkoak dira horrelako proiektuak egin ahal izateko. 

Ia urtebeteko lanaren ondoren, proiektua aurkezteko garaia heldu da.
Bai, Durangoko Azokan bi proiekzio egingo ditugu, abenduaren 6an. Alde batetik, ofizialki, 11:00etan aurkeztuko dugu, Sagunganbaran; bestalde, 15:00etan Irudienean aurkeztuko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!