Arratsaldean, Euskal Herriko eta Kurdistango kulturgileek solasaldia egingo dute, 16:30ean, Talaia-Durangoko Museoan. Suargi elkarteko Jon Landabidea izango da aurkezlea, eta Berria egunkariko Arantxa Iraola moderatzailea. Pertsona hauek parte hartuko dute solasaldian: Sevinaz Evdike zuzendari kurduak, Michael McCoughan idazle eta kazetari irlandarrak, Kiera Henderson itzultzaileak, Meral Simsek idazle kurduak, Jin Swani idazle kurduak, Roberto Awanari musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak.
Eguneko egitaraua borobiltzeko, kontzertua antolatu dute Plateruenean. Durangok aspalditik du lotura Kurdistanegaz. Izan ere, Durango eta Kobane (Siriako Kurdistan), 2017an senidetu ziren. "Estatu Islamikoaren eskuetatik askatu zen lehen hirietariko bat da Kobane eta faxismoaren aurkako borrokan erreferente gaurkotu bat bilakatu da azken urteotan", azpimarratu dute Suargiko kideek.
Kontzertu bi antolatu dituzte; bata Ahotseneako oholtzan izango da (22:30ean), eta bestea Kobanen, hiria askatu zuten hamargarren urteurreneko ospakizunetan. "Proiektuko kide ugari ditugu jada Euskal Herrian kontzertuan abestuko dituzten lanak grabatzen", azaldu dute elkarteko kideek. Talde eta musikari hauek arituko dira Plateruenean: Ingot (+ Janire Egaña), Ines Osinaga, Azibar Terreros -Danel Orueta (Txalaparta), Mizgin Tahir, Onur Kepene eta Yado Uzun.