Durangoko Emakumeen Lasterketak antolatzaileen aurreikuspen guztiak gainditu ditu. 150 dortsal ipini zituzten interneten eskuragarri, baina beste 25 gorde zituzten gaurko, azken orduan probara hurbiltzea erabaki dutenentzat. Eta azken horiek ere aise agortu dira, Durango Kirol Taldearen berbetan, 175 izan dira-eta gaurko proban parte hartu duten emakumeak.
Podiuma, bai, osatu dute. Korrikalari guztien denborak erregistratu dituzte kronometroetan, baina, hori izan da gutxienekoa. Izan ere, indarkeria matxistaren kontrako aldarriek eta emakumeen ahalduntzeak hartu dute gaur kirol probaren erdigunea. Eta aipaturiko guztia kategoria denetan islatu da. Bai kategoria absolutuan, bai 40 urtetik gorakoetan, eta baita 18 urtetik azpikoetan.
Lasterketak kiroltasunez beteriko uneak izan ditu. Adibidez, Oihana Azkorbebeitia eta Oihane Unzalu korrikalariek batera egin dute ibilbide osoa. Horien bien atzetik sartu dira helmugan Itsaso Gangoitia eta Nahia Ibarzabal, minutu erdira gutxi gorabehera. Sari banaketa ekitaldia Ezkurdiko kioskoan egin dute, Durango Kirol Taldeko kideak eta udaleko ordezkariak lagun.
Honako hauek izan dira podiuma osatu dutenak:
Kategoria absolutuan:
- Oihana Azkorbebeitia Urizar
- Oihane Unzalu Aldekoa
- Itsaso Gangoitia Mazorriaga
40 urtetik beherakoetan:
- Nagore Barrainkua Aroztegi
- Itsaso Barrainkua Aroztegi
- Izaskun Robles Arrasate
18 urtez azpikoetan:
- Nora Agirrebeña
- Jare Basauri Rodilla
- Maddi Goikoetxea Iribar