Badator VII. Emakumeen Lasterketa. Hasteko eta behin, bertan ikusiko zaitugu?
Bai, bertan izango naiz. Antolakuntzan laguntzaile lanetan ibiliko naiz, dortsalak ematen edo beste edozein lan egiten. Ez dut korrika egingo, baina antolakuntzan arituko naiz.
Imajinatzen dut antolakuntzakoak lanean buru-belarri ibiliko zaretela egun hauetan.
Bai, horrela da. Baina, tira, taldeak esperientzia handia du lasterketak antolatzerako orduan, eta horrek lagundu egiten du. Atletismo pistako ekitaldiez gainera, hainbat lasterketa antolatzen dugu: Sorginen Lasterketa, Emakumeen Lasterketa eta Elorrioko Santxibiri. Beraz, esperientzia hori oso lagungarria da probak antolazeko, baina, tira, beti egon daitezke ezustekoak edo azken orduko kontuak. Beraz, lan handia eskatzen du, bai.
Urtebeteko etenaren ondoren, iaz berriro antolatu zenuten lasterketa. Luzaroko lasterketa izango dela uste duzu?
2021ean proba antolatu, eta erantzun ona izan zuen. 2022an lantaldea aldatu egin zen apur bat, eta iaz lasterketa berriro egitea pentsatu genuen. Ikusten genuen karrera interesgarria izan daitekeela, oso giro oso sortzen dela herrian, eta Durangon errotuta dagoela. Gainera, indarkeria matxistaren kontrako egunaren bezperan egiteak badu bere zentzua. Azken finean, aldarrikapena egiteko erabiltzen dugun lasterketa bat da.
Ikusteko ere oso proba polita da, Askatasun Etorbidetik birritan pasatzen da eta. Eta ikuskizuna ere bermatuta dago, maila handia egoten da eta. Iaz, esaterako, esprintean erabaki zen proba. Oso polita izaten da.
Emakume guztiak batzen dituen lasterketa da zuena.
Eguna bera erakargarria da eta horrek emakume asko batzea ekartzen du. Lehian dabiltzan maila handiko lasterkariek zein korrikalari popularrek parte hartzen dute. Proba hau oso aproposa da hasiberri batentzat, esate baterako, distantzia aldetik ez da bost kilometrora heltzen eta.
Zergaitik animatuko zenuke jendea VII. Emakumeen Lasterketan parte hartzera?
Batez ere emakumeentzako jai bat delako; aldarrikapena bai, baina jaia ere bai. Askotan neskok konplexuak izaten ditugu korrika egitera irteteko. Nik neuk, lasterkari modura, askotan konplexu leloak izaten ditut. Esaterako, lasterketa batean, askotan ez gara irteera lerroan aurrean ipintzen, uste dugulako ez dela gure lekua; azken batean, mutilek egon behar dutela lerro horretan, hobeak direlako eta abar. Pentsamendu horiek atzean uzteko espazio bat ematen du lasterketa honek, gu trankil eta eroso sentitzeko proba bihurtuz. Eta honek lasterketa misto batean parte hartzera animatzeko edo konplexuak kentzeko balio badu, ba ezin hobeto! Emakumeak ahalduntzeko lasterketa bat da; korrika egiteak berak asko ahalduntzen du.
Emakumeen lasterketaz gainera, lasterketa laburra ere egongo da.
Hala da, bai. Umeei eta mutilei ere aukera emateko, lasterketa nagusiaren aurretik, 10:30ean, lasterketa laburra egingo dugu, testimoniala. 1.600 metroko proba izango da eta edozeinek parte hartu ahal izango du bertan, edozein adin eta generokoak. Horren ondoren, lasterketa nagusia egingo dugu. Lasterketa nagusiko dortsal banaketa 09:30ean hasiko da, eta10:15ean amaituko da izen ematea. Sari banaketa eta zozketak 12:00etan egingo ditugu.
Garazi, zugaz gaudela aprobetxatuta, zure kirol ibilbideari errepaso txiki bat egingo diogu. Urtea Euskadiko Kros Liga irabaziz hasi zenuen, DKTgaz taldeka Espainiako lasterketa bertikalen txapelketa irabazi zenuen, eta baita mendi lasterketen Espainiako txapelketa, hori ere DKTko taldeagaz. Eta Euskadiko Trail txapeldun ere geratu zara, besteak beste. Zer balorazio egiten duzu?
Balorazioa oso positiboa da. Urtea ilusioz hartu nuen eta balorazioa ona da. Krosak gustuko ditut eta kros ligan parte hartzeak ilusioa egiten zidan. Primeran etorri zitzaidan motibatzeko. Baina, berez, mendi lasterketak ditut pasio, eta horiei ekin nien. Euskal Mendi Federazioko kopa jo nuen helburutzat. Zortzi lasterketa izan dira, apiriletik urrira bitartean, eta bostetan parte hartzea ezinbestekoa zen. Zazpi lehiatu ditut eta horietariko bost emaitzarik onenak kontuan hartzen dira. Oso ondo hasi nuen Kopa, ekainean lider jarri nintzen, baina gero zorte txarra izan nuen. Orkatila okertu, eta lasterketa bertan behera utzi behar izan nuen. Hanka dela eta, uztaileko eta iraileko probetan ez nintzen hain ondo ibili, eta, gainera, orduan jokatu zirenetan, Iparraldekoetan, puntuazioa handiagoa zen. Bataren eta bestearen ondorioz, laugarren jarri nintzen sailkapenean. Azken lasterketan, finalean, ondo baino hobeto ibili nintzen, eta, azkenean, hirugarren amaitu nuen Kopako sailkapen orokorrean. Beraz, udako lesioa eta zorte txarra kenduta, pozik nago lorturikoagaz. Finean, jokoa horrelakoxea da eta nik hau joko bat lez hartzen dut; beraz, balorazioa ezin hobea da.
Joko modura diozu, baina zure egunerokoan prestaketa handia eskatzen duen jokoa.
Jakina. Jokoa da, berez, baina pasioz egiten dudan kirola da eta ahalik eta ondoen egitea gustatzen zait. Txarto edo ondo egin dezakezu, baina, tira, nik ez diot horri buelta larregirik ematen. Bideagaz gozatzea gustatzen zait eta ondo entrenatzen ahalegintzen naiz, nire aldetik ahal dudan dena ematen.
Eta hemendik aurrera, zer?
2025ean berriro ere Euskal Mendi Federazioko Kopa lehiatu gura dut. Zentzua ikusten diot Kopari, hilean gutxi gorabehera lasterketa bat korritzeari. Eta ilusio berezi bat ere badut. Federazioak irizpide batzuk ditu, eta, esaterako, eurek aukeraturiko lasterketaren batean emaitza ona lortuz gero, Euskal Selekzioagaz munduko beste lasterketa batzuetan parte hartzeko aukera ematen dute. Horrelako probak oso erakargarriak dira eta ahalegina egingo dut nire mailarik onena ematen. Esperantza hori dut, nazioarteko beste lasterketa batzuetara joatea.
Urtetik urtera hobetzen doan korrikalaria zara. Goia oraindino urrun ikusten duzu?
Berandu samar hasi nintzen korrika egiten, 26 urtegaz. Dagoeneko hamar urte joan dira lehenengo dortsala ipini nuenetik, baina, bai, urterik urte hobetzen joan naizela ikusi dut. Erresistentziako eta arnas luzeko kiroletan ez dago sekretu handirik; konstantea izateak eta urterik urte entrenatzen jarraitzeak ematen du hobekuntza. Hori bai, muga bat dago: adina. Horrek bere neurria ipiniko du, baina, tira, 35 urte ditut eta oraindino gazte ikusten dut neure burua. Oraindino ikusten dut hobekuntzarako tartea.
Amaitzeko, aurten duatloi batean parte hartzen ikusi zaitugu, lehenengoz.
Mungiako duatloian parte hartu nuen, kasualitatez, lagun batek egindako proposamena onartuta. Beti izan dut gogoa duatloia probatzeko, eta esperientzia itzela izan zen. Ikaragarri disfrutatu nuen eta seguru ez dela azkena izango. Egia esan, niri dena gustatzen zait, baina ezin da dena egin. Lehentasunak ipini behar dira, eta, oraingoz, mendi lasterketak dira nire pasioa eta lehentasuna.