Hilabeteetako lanaren ostean, Durangoko Azoka hasi da forma hartzen; prestaketen azken txanpan murgildu dira antolatzaileak. Horrela, Durangoko Azokaren ateak zabaltzeko gogotsu daudela azaldu du Gaztelurrutiak. "Bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu gura dugun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Denak ditugu beharrezko".
Landako Gunean 274 erakusmahai ipiniko dituzte 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade egongo dira. Lan berriak aurkezteko, 200 ekitaldi antolatu dituzte, zazpi gune desberdinetan. Abenduaren 5ean hasiko da Durangoko Azoka, Ikasle Goizagaz; bisitari guztientzat egongo da zabalik, hala ere. Biharamunean, Gazte Eztanda ospatuko dute, gazteentzako egitarau bereziagaz; gauez ere kontzertuak egongo dira Landako plazan jarriko den karpan: Naxker, Xaukena Xauk eta Durangaldeko Nekktar taldeek joko dute. Gainera, Azoka Telebistak 'Hartzea ematea DA' izeneko magazinea ekoitziko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahalko da saioa: tokiko telebistetan, azokako webgunean, youtuben eta ETBn, hain zuzen.
Esan bezala, Durangoko Azoka abenduaren 5tik 8ra garatuko da zabalik, eta ordutegiari dagokionez, iazko eredua mantenduko da: 10:30-20:00 bitartean egongo da zabalik egunero, domekan izan ezik (18:00etan zarratuko da).