[EGITARAUA] Otamotzena Auzogunea: urtebete auzotarren komunitate izaera saretzen

Ekaitz Herrera 2024ko aza. 13a, 09:05

Otamotzena Auzoguneak egoitzaren aurreko parkean egindako ekintza bat.

Ospakizun-pastelari lehenengo kandela ipintzeko prest daude Durangoko Otamotzena Auzoguneko kideak. Gizarte-etxeak bere lehenengo urteurrena ospatuko du azaroaren 23an, musikarekin, umeentzako ekintzekin eta azokekin beteriko egitarau bategaz. Aurrerantzean ere elkartearen bereizgarri den izaera komunitarioa lantzen jarraituko dute, gertutasunez eta era boluntarioan.

Urte honetan zehar, proiektuak "arrakasta handia" izan duela adierazi dute elkarteko kideek: "Herritarren parte hartzea, ikaskuntza eta kultura sustatu ditugu, eta bakardadearen aurka ere egin dugu borroka, horixe baita gizartearen erronka handienetariko bat. Espazio inklusibo horrek pertsona guztiek aisialdiaz gozatzeko, ikasteko eta elkarrekin bat egiteko moduko giroa sortu du, komunitate sentimendua indartuz eta bizikidetza sustatuz", azaldu dute urteurrenaren atarian.

Lan boluntarioa, oinarri komunitarioa

Azpimarratzekoa da elkarteko kideek auzotarrei elkargunerako eremu bat eskaintzeko egiten duten lan boluntarioa. Izan ere, Herria Auzo Elkarteak eta Boluntarioen Batzordeak gogor lan egiten dute udalarekin batera, auzogunea inguruko bizilagun guztientzat lagunkoia eta irisgarria izan dadin. Elkartetik gogoratu dutenez, urte honetan zehar askotariko ekintzak landu dituzte: "Suizidioaren prebentzioa, dolua, seme-alaben eta gurasoen arteko indarkeria, lehen sorospenak, endometriosia, feminismoa, lan-eskubideak eta haurrentzako jarduerak, hala nola, ipuin-kontalariak, eskulan-tailerrrak, magia ikuskizunak eta kontzertuak". Aurrerantzean ere, azaroaren 23ko ospakizunetatik harago, ildo komunitario horretan lan egitera deitu dituzte gainerako auzokideak: "auzotarrak proiektu hau babestera gonbidatuta daude, boluntario taldearekin bat eginez, kalitatezko jarduerak eskaintzen jarraitzeko eta gune hau guztiontzat zabalik mantentzeko". 

EGITARAUA (Azaroak 23, Otamotzena parkean)

  • 11:00 Umeentzako talo tailerra (6-12 urte)
  • 11:00-14:00 Umeentzako ludoteka
  • 11:00-14:00 Bigarren eskuko azoka (Azokan parte hartu gura dutenek egunean bertan eman dezakete izena. Muntaketa-lanak 10:00etan hasiko dira. Bakoitzak bere mahaia eraman beharko du)
  • 11:00-14:30 Artisautza azoka
  • 16:00-18:00 Umeentzako ludoteka
  • 16:00-19:00 Binilo pintxada: Pelma & Luis Selektorrak
  • 19:00 Kontzertua: Havana 537 taldea

Umeentzako ekintza bat auzogunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!