Valentzia astindu duen hondamendiaren aurrean, Durangaldeko herritarrek elkartasun ekimen ugari jarri dituzte martxan. Janari eta bestelako produktuen bilketa guneetako bat Durangoko Pitxi tabernan jarri dute. Produktuak eramatera joan diren herritarren joan-etorriak etenbakoak izan dira goiz guztian zehar. Alaitz Sepulveda erizaina da ekimen honen bultzatzailea. "Valentzian ikasi nuen eta nire etxea balitz legez sentitzen dut. Horregaitik, produktuak batu eta bertara eramatea bururatu zitzaidan", azaldu du Sepulvedak jendeari poltsak husten laguntzen dion bitartean.
"Valentzian ikasi nuen eta nire etxea balitz legez sentitzen dut. Horregaitik, produktuak batu eta bertara eramatea bururatu zitzaidan"
"Zapatuan bilketa abiatu genuenean produktuak maleta baten sartu eta autobusean joatea pentsatu nuen. Baina, aurreikuspen guztiak gainditu ditugu. Furgoneta baten ere ezingo ditugu eraman. Azkenean, kamioi bat alokatuko dugu", gaineratu du ekimenaren antolatzaileak. Pardelak, janaria, botikak, ura, janaria....denerik jaso dute Pitxi tabernan. Enpresa batek 100 ontzi entregatu dizkie.
Asteazken goizean abiatuko dira Valentziara. Sepulvedagaz batera lagun bat eta lehengusua joango dira. Laguntza hondamendiak gehien astindu dituen herrietako udaletxeetan uztea gura dute.