Valentzian inoiz izan den hondamendirik handiena lehen pertsonan bizi izan duzu.
Lan kontuengatik Valentziara joan behar izan nuen. Martitzen arratsaldean, 17:00ak aldera, laneko batzar batean nengoen Riba-roja herrian eta udaltzainak etorri zitzaizkigun bertatik irtetzeko esanez, industrialdea urez betetzen hasi zelako. Euri pila bat ari zuen, eta nola hala lortu genuen bertatik irtetzea. Handik hotelera joan nintzen. Hotela Bonaire merkataritza-gunearen ondoan nuen, eta bertara heldu nintzenean han ez zegoen euririk. Autoa aparkatu, logelara igo eta hotelean jatetxerik ez zegoenez, Bonaire merkataritza-gunera joatea erabaki nuen zerbait jatera. Oinez joan nintzen, ez zegoen euririk, bertan 20 bat minutu edo egingo nituen, eta irtetzera joan nintzenean kalea erreka bat zen. Segurtasuneko langileek ez irtetzeko esan ziguten, eta lehenengo solairura igotzeko. Bertara igo eta han pasatu genuen gaua.
Nolako momentuak izan ziren?
Momentu horretan ez ginen kontziente zer gertatzen zebilen. Ikusi genuen bai dena urez bete zela, baina handik irten arte ez dugu jakin benetan nolako sarraskia izan den. Gu 300 bat lagun geunden eta merkataritza-guneko zinemak zabaldu zituzten bertan gaua pasatzeko. Beldur eta tentsio uneak egon ziren, ura dena hartzen zebilelako eta jendea falta zelako. Aparkalekua eta lehenengo solairua urez bete ziren, eta bertan jendea egon zitekeela uste zuten. Goizeko 7:00ak bueltan militarrak, larrialdi unitatekoak etorri zitzaizkigun, eta baimena eman ziguten irtetzeko. Kontuz irtetzeko esan ziguten.
Dena lokatzez beteta zegoen. Nik laneko autoa kalean neukan, eta galdu egin nuen. Hotelera joan nintzen, ez zegoen argirik ez urik. Enpresako kideegaz hitz egitea lortu nuen, ondo nengoela esan eta autoagaitik ez arduratzeko esan zidaten. Posible naukan moduan aireportura joateko eskatu zidaten eta beraiek aterako zidatela hegazkinerako txartel bat. Maleta hartu eta Valentziara joan nintzen oinez, autopistatik; zer zen hura, 'The walking dead' telesaila ematen zuen. Zortzi bat kilometro egin nintuen oinez. Valentzian aireportura joateko taxi bat hartu ahal izan nuen eta aireportura iritsi. Dena kaos bat zen, denbora piloa behar izan nuen aireportura heltzeko. Baina lortu nuen hegazkina hartzea. Izugarrizko zortea izan nuen, handik irtetzeko aukera izan nuen-eta. Enpresari eta lankideei oso eskertuta nago. Asteazken gauerako etxean egotea lortu nuen.
Egun batzuk pasatuta nola aurkitzen zara?
Benetan zer gertatu den eta zer bizi izan dudan orain konturatu naiz. Kostatu zait kontziente izan eta asimilatzea. Momentu hartan handik ahalik eta arinen irtetzea besterik ez nuen pentsatzen. Pelikula baten geundela ematen zuen. Maila pertsonalean, uste dut izugarrizko zortea izan dudala; hotelera hamar minutu lehenago edo beranduago heldu izan banintz, dena beste modu batera gertatuko litzateke. Guztia hamar minutuko kontua izan zen, sinestezina.