Wadokan klubak '12 harri' arte martzialen opena antolatuko du zapatuan, 09:30ean, Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Open izaera duenez, askotariko diziplinak batuko dira tatami gainean, hala nola, karatea, taekwondoa eta ninjutsua.
Kirolarien eta laguntzaileen artean 400 bat lagun batzea itxaroten dute. Tartean, arte martzialen munduko izen ezagunak egongo dira, Raúl Gutierrez irakaslea kasu.
'12 harri' orain hiru urte sortu zuten eta harrezkero helburuak ez dira aldatu. "Lehiakideen artean lehia-espiritua eta laguntasuna sustatzea du helburu, baita borroka-arteen praktika sustatzea eta parte-hartzaileei beren trebetasunak erakusteko eta beste artista martzial batzuengandik ikasteko aukera eskaintzea ere", adierazi dute Wadokan klubeko kideek ohar batean.
Domekan, mintegia
Ekimenak aurrera jarraituko du domekan, baina beste formatu batean. Raul Gutierrezek mintegi bat eskainiko du 10:00etatik 13:30era Wadokan klubaren egoitzan. "Mintegi honek parte-hartzaile guztien esperientzia aberastu eta familia giro polita sortuko du, guztiok batzen gaituen zerbait partekatuz", azaldu dute.