Durangoko jaiak

Sanfaustoetako azken txanpan sartzeko prest

Aitziber Basauri 2024ko urr. 18a, 13:30

Esne Beltza taldearen kontzertua egongo da gaur Ezkurdin. ESNE BELTZA

San Fausto jaien azken egunak dituzte aurretik Durangon, ekitaldiz beteriko egunak. Azken urteetan indarra hartu duen Mozorro Eguna ospatuko dute zapatuan, herriko kaleak jantzi irudimentsuz beteko dituen eguna; domekan agurtuko dituzte jaiak.

Lehenengo asteburuak utzitako biharamuna igarota, durangarrak prest daude sanfaustoetako azken txanpari ekiteko. Durangoko kale eta bazterrak jai giroz bustiko dira berriro ere, deneriko ekitaldietan parte hartzeko aukera eskainita. Durangarrek zein inguruetako herrietatik etorritako bisitariek indarra agortu artean eutsiko diote asteburuari. Gaur, Trotamundos zirku konpainiaren Finito-Infinito ikuskizuna izango da jaietan. Ondoren helduko dira Txosna Batzordeak antolaturiko tortilla txapelketa eta Monólogos a dos bandas umore ikuskizuna. Bigarrena Andra Marian izango da, Andoni Agirregomezkorta eta Nere Garmendia aktore ezagunen eskutik. Bestalde, San Agustin kulturguneak askotariko errima eta doinuak batuko ditu. Maialen Lujanbio, Jon Maia, Jone Uria, Aitor Bizkarra, Xabat Ilarregi eta Oihana Iguaran bertsolariak Unai Iturriaga gai jartzailearen esanetara arituko dira. Ordurako amaituta egongo da Ezkurdi Jai Alai pilotalekuak hartuko duen pilota partidua: Mikel Goñi eta Bernaola Oinatz Bengoetxearen eta Egurenen aurka. 

Musika jaun eta jabe
Musikak osatuko du gaurko sanfaustoetako kultur eskaintza. Fanfarreen arteko norgehiagoka eta Durangoko abesbatzen emanaldiak egongo dira, eta herriko Nahiez taldeak ere emango du kontzertua, Ezkurdin. Txosna Batzordeak antolatuta, Txopet, Pinpilinpussies eta Belako taldeak igoko dira txosnaguneko oholtzara. Aldi berean, Xabi Solanok gidatutako Esne Beltza taldea egongo da Ezkurdin.

Mozorro Eguna
Sanfaustoetako Mozorro Egunak geroago eta indar handiagoa hartu du azken urteetan. Durangoko kale eta bazterrak mozorro irudimentsuz janzten dira, jaietako bigarren asteburuari beste kolore bat emanez. Dianagaz batera argituko du eguna. Zezenak dirak, xake txapelketa, umeentzako jolas eta tailerrak, patata tortilla txapelketa, elkartasun bazkaria, kaleko musika, antzerkia, kontzertua... egunaz gozatzeko aukerarik ez da faltako bihar ere. Tartean, mozorro desfilea. Domekan agurtuko dituzte jaiak, baina bien bitartean sanfasutoez gozatzeko aukerarik ez dute galduko Durangon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!