59. Durangoko Azokaren irudia eta leloa aurkeztu dituzte aste honetan. Udatxo eta Balu artistek egin dute irudia, "eskurik esku", eta leloa 'Hartzea ematea DA!' da. "Azokara etortzea, ikustea hartzea... kulturgintzari hauspoa ematea ere bada", nabarmendu du Beñat Gaztelurrutia Durangoko Azokaren koordinatzaileak. Bestalde, Nerea Mujika Gerediagako Gerediaga elkarteko presidenteak abuztuan zendu zen Jon Irazabal gogoratu du, izan ere, 30 urtez azokaren zuzendari izan zen. "Ondare itzela utzi digu".
Azokako irudia, egin duten lanik "bereziena" izan dela onartu dute, emozionaturik, Udatxo eta Balu artistek. Collage erako lana egin dute artista gipuzkoarrek, eta euskal kulturaren erreferentzia sorta darama, besteak beste, Durangoko Azokako kartel zaharrak, edota Hertzainak eta Negu Gorriak taldeen diskoen azalak. "Kasualitatez, geruzak eta koloreak gehitzen joan ahala, kartelak bihotz forma zuela konturatu ginen, eta bihotzak ere hartu-eman bat duela jolasten hasi ginen, odola gorputz guztira garraiatzen". DA! PRO topaketa Bestalde, azaroaren 26an eta 27an DA! PRO topaketa antolatuko dute sortzaileen eta programatzaileen artean lankidetzak sustatzeko helburuagaz.