Eneko Diez (Durango, 1999) zapore garratzarekin bueltatu da asteburuan Kazahastango Astana hiriburuan lehiatu den Munduko Grappling —jiu-jitsuaren antzerako diziplina, bere araudi propioarekin— txapelketatik.
Munduko txapelketa denboraldi gogoangarri baten kolofoia izatea gura zuen, baina ez da horrela suertatu. Lehenengo kanporaketan kanpoan geratu da: 1-2 galdu du Samy Mezache frantziarraren aurka. Zapore garratza utzi dion borrokaldia da eta ez dago konforme puntuazioarekin. "Nire ustez nik irabazi dut", dio. Borrokaldiko zatirik handienean aurkaria norgehiagokari "ihes egiten" ibili zela dio eta ezin du ulertu epaileak zergatik baimendu zuen jokabide hori, zigortu beharrean.
Salatzen duena frogatzeko, borrokaldi horretako une batzuk bere instagram kontuko [@ediezjj] story batean publikatu ditu, 'denborak geure tokian jarriko gaitu' mezua gehituta.
Dena esate aldera, zortea ere ez du aldeko izan. Aurkaria lurrean zegoela eta posizioa irabazita zuela amaitu zen borrokaldia. Pare bat segundo gehiago izan balitu markagailua irauli eta borrokaldia irabaziko zuen.
Europako azpitxapeldun
Asteburuko esperientziak ez dio gerizperik egiten bestelakoan zoragarria izan zen denboraldiari. Gozotik askoz gehiago izan du garratzetik baino.
Iaz munduko txapelketa batean aritu zen, baina enpresa pribatu batek antolatutako ordainpeko batean. Oraingo hau United World Wrestling erakundearen aterkipeko txapelketa izan da eta hautatua izan delako parte hartu du Espainiako selekzioarekin. Ildo horretatik, esperientzia "aberasgarria" izan dela dio.
Hautatua izateko merezimenduak sobera egin ditu denboraldian zehar. Espainiako grappling txapelduna da 84 kilora arteko pisuan eta, hori gutxi balitz, Europako azpitxapeldun geratu zen Bakun (Azerbaijan). Orduan ere Mezache frantziarra izan zuen aurrez aurre finalean.
Eneko Diez Madrilen bizi da gaur egun eta hango Checkmat taldeagaz entrenatzen da.