Durangoko jaiak

[ARGAZKI GALERIA]: "Euskaltzaleok borrokan jarraituko dugu, Durango eta Euskal Herri euskalduna lortu arte"

Anboto 2024ko urr. 11a, 23:04

Durangoko euskalgintzako eragileek txosnaguneko suziria isiotu dute bart. Euskaraz bizitzera deitu dituzte durangarrak. (Argazkiak: Unai Olaso)

Pantxike txosnetan dago jada eta festazaleek lehenengo gaua igaro berri dute haren bedeinkapenean. Ondo baino hobeto ekin diote jaiari, udalerriko euskalgintzako ordezkarien txupinazoagaz. Eszenatokira igo zirenen artean egon zen, besteak beste, Nieves Aranoa, Durangoko AEKren sortzaileetariko bat. "Eskerrik asko zeuei ere bai, Nieves. Eta zuekin batera euskalgintza sortu eta euskararen berpizkundea abiatu zenutenei. Zuen lan eta borrokak ekarri gaitu honaino", berbak eskaini zizkioten Aranoari.

Izan ere,  "Frankismoaren hamarkada ilunen ostean, euskararen kolorea galtzen zebilen gure herrian. Horregatik, Durango euskalduntzeko bidean, transmisioari eman genion garrantzia sasoi hartan: ikastolak sortu genituen; gaueskolak antolatu, eta helduen alfabetatze eta euskalduntzerako AEK martxan ipini genuen. Beranduago, euskarazko une eta guneak sortzeko, Berbaro Elkartea sortu genuen; euskarazko komunikabide bat edukitzeko, Eraz eta Anboto martxan ipini genituen; gure hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko, Euskal Herrian Euskaraz eratu genuen, eta beste hainbat proiektu ere bai", azaldu zuten hitz hartzearen lehenengo minutuetan.

Euskararen auzia iraganetik gaur egungo testuingurura eramanda, txosna batzordeak udalerria euskalduntzeko eta jaietan euskarazko arnasgunea eskaintzeko egiten duen lana txalotu zuten pregoilariek: "Durangon txosnagunea martxan jartzea Durango euskalduntzeko pauso erraldoia izan zen, batez ere funtzionamenduan euskara erdigunera eraman genuenean. Txosna Batzordeak erakutsi du posible dela euskara hutsean bizitzea, gozatzea, antolatzea eta komunikatzea. Durango osoan zehar euskarak izan beharko lukeen lekua erakusten da hemen, errealitate bihurtuta".

Euskara, aurrera

Oholtza gainera igotako eragileek udalerriko hainbat euskaltzalek behinola esandakoa oroitu zuten: "euskarak 365 egun ditu!". Eta Euskal Herria euskalduntzeko bidean "aurrerapausoak" egin direla onartu arren, azkenaldian hainbat komunikabidek (EITB aipatu zuten) eta auzitegiek "martxan ipinitako oldarraldia" kritikatu zuten. Hori guztia dela eta, "politika ausartak" eskatu zituzten: "Euskal kultura urte osoan zehar bultzatu behar da, gure sortzaileei baliabideak eta kultur espazioak emanez. Euskalduntzea bermatzeko hezkuntza sistema behar dugu. Pantailak euskaraz behar ditugu. Administrazioa, lan eremua... euskara erdigunera eramango duen trantsizio oso bat behar dugu, euskaldunok ez gaitezen beti korrontearen kontra ibili". 

Afera Durangora ekarrita, honako hau adierazi zuten pregoilariek: "Durangoko euskaltzaleok borrokan jarraituko dugu, Durango eta Euskal Herri euskalduna lortu arte. Horregatik, gonbidapen batekin gatoz: zu zeu ere batu euskararen aldeko borrokara. Batu euskaraz bizitzera!", amaitu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!