Zelan hartu duzue txupinazoa jaurtitzeko proposamena?
Iker Gomez de Segura: Aitortza baten modukoa da guretzat. Ohorea da, eta esker on moduko bat egin dugun ibilbideagaitik. Herriaren alde zeozer egiten dugula esan gura du; herritik jaso eta herriari bueltatu. Gure filosofia ondo ulertzen den seinale da.
Koldo Zarate: Politena da txosna batzordetik irten dela gaia.
Irati Landa: Elkarteei eta euskarari berari egindako aitortza bat da.
Pello Zabarte: Ildo horretatik, gaur egun Berbaro txosna batzordean egon ez arren, etxeko sentitzen gara eta txosna batzordea aliatu legez sentitzen dugu Durango eukalduntzera bidean. Alde horretatik, oso pozik gaude.
Euskararen erabilerari dagokionez, zein interpretazio egiten duzue?
K.Z.: Jaiei dagokienez, euskalgintzatik txosna batzordearen funtzionamendu euskaldunean lagundu dugu, egitarauak euskaraz kaleratzen, eta, hartara, udalekoan ere eragiten. Espazio horren barruan egonda, euskalgintza motore bat izan dela uste dut. Herrira begira, hemen gauden eragileok eta beste batzuk ere, bakoitzak bere funtziotik, gure aletxoa ipintzen dugu Durango euskalduntzeko. 40 urtean gauza askogaz arduratuta egon arren, asko egin dugu aurrera.
I.G.S.: Testuinguru orokorrera begira, Durangon gertatzen dena Euskal Herri osoko testuinguruan kokatu behar da eta errealitateak geroago eta antzekoagoak dira leku batean eta bestean. Eragile modura, gizarte joera jakin batzuen kontra goazela sentitzen dut. Konpromisoak behera egin duela esaten dugu eta egia da, eta tematu egiten gara gauzak beste era batera egiten. Garrantzitsua da zer egiten dugun, baina zelan egiten dugun ere bada inportantea, eraldatzaile izan gura dugulako. Hainbat lekutan eragiten dugu: hedabideetan, euskal alfabetatzean, aisialdi zerbitzu euskaltzaleak eskaintzen, hezkuntzan... Eredu arrakastatsuak dira eta hor daude. Eragina dugu herrian bertan, baina mugimendu zabalago baten parte izanda.
Zein da txosnen funtzioa euskaraz funtzionatu dezagun?
P.Z.: 2019an Berbarok lanketa bat hasi zuen Durangoko jaietako ekimenak zein hizkuntzatan egiten ziren aztertzeko, eta, alde handiagaz, txosna batzordearena da eskaintzarik oparoena euskarari dagokionez. Egitarauan ia dena da euskaraz, eta, bestela, ele bitan.
K.Z.: Funtzionamendu mailan, euskara hutsean diharduen espazioa da. Bai bileretan, bai komunikazioan... Hori ohikoa izan beharko litzateke, baina ez da leku guztietan horrela izaten. Irabazi ditugun gauzak dira eta garrantzitsua da horri eustea. Erreferentzia euskaldun bat gara.
Berbarok aurten ere azterketa egingo du jaien testuinguruan?
P.Z: Bai, jaietako ekintza guztiak zein hizkuntzatan egiten diren aztertzen dugu. Batzuk aurretiaz jakin daitezke, eta beste kasu batzuetan bertaratuta. 2019an nahiko datu kezkagarriak izan ziren. Gutxiengo bat zen euskara hutsean. 2022an egindako azterketan hobekuntza orokor bat gertatu zen. Urte biko tarte honetan datu hobeak jasotzea espero dugu. Programazioa eta musika aztertuko ditugu, barraketakoa esate baterako. Eremurik erdaldunenetariko bat barrakak dira, eta aztertu beharrekoa da, umeei zuzenduriko gunea da eta.
Plateruena dugu hemen ondoan, bere sasoian euskalgintzako eragile aktiboa izandakoa Durangon. Zein sentipen nagusitzen da zuengan Plateruena zarratuta ikusten duzuenean?
K.Z.: Tristura, baina esperantza ere bai. Oso berandu zabalduko da, 2025ean dio udalak. Irailean edo urrian bideragarritasun plan bat aurkeztuko zutela esan ziguten Kultur Mahaian, eta oraindino ez dute batzarrera deitu. Horren zain gaude.
I.L.: Garrantzitsua da Plateruena martxan egotea. Erreferentea da euskararentzat, eta garrantzitsua da zabalik egotea, bai jaietan eta baita jaietatik kanpora ere.
P.Z.: Tristura edo pena. Jaietan zein Durangoko Azokan beterik egoten zen eta hutsune hori denok igartzen dugula esango nuke. Aldi berean, aurrera begira zabalik egoteko esperantza dugu.
I.G.S: Izanak izena behar du. Izanak leku jakin batzuetan gorpuztea behar du eta iruditzen zait espazio fisikoa behar duela atzean dagoen dinamikari eta mugimenduari protagonismoa emateko. Gune bat itxita egotea ez da bakarrik areto bat itxita egotea. Horren atzean dagoen dinamika, indarra, izana eta izena... hori guztia. Durangok arnasgune fisiko bat behar du, eta horren atzean dagoen dena. Basamortuan luze egon eta gero, kostatu egingo da hori guzti hori martxan ipintzea.
K.Z.: Sorginola ere itxi zuten. Durangon ez dago mota horretako eskaintza kulturalik.