Durangoko jaiak

[ARGAZKI GALERIA]: "Izan bedi musika durangar guztiok batzeko zubi"

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 11a, 20:30

Musikak herritarrak batzeko daukan gaitasunari oles eginda eta irrintzi zorrotz bezain hunkigarri batekin, halantxik hasi dituzte jaiak Durangon. Vanessa Goikoetxea sopranoak bere herriko jaiak zabaldu zituen atzo,  udaletxeko balkoitik pregoia irakurrita eta txapligua eztandarazita. (Argazkiak: Unai Olaso)

Hasi da zoramena. Durangarrak herriko jaietan murgilduta daude atzotik. Vanessa Goikoetxea sopranoak jendez bete-betetako udal plazan inauguratu zituen jaiak, udaletxeko balkoitik, hunkiduraz beteriko pregoia irakurrita. Bere "herriko izpiritua" goraipatu zuen Goikoetxeak, eta harro gogoratu zuen itsasoaren beste aldean, Ameriketako Estatu Batuetan jaiorikoa izan arren, Durangok eman diola beti nortasuna. "Nire aita, Miguel Angel Goikoetxea Floridan puntista zela jaio nintzen han. Baina itsasoz bestalde jaio arren, bihotza beti izan dut Durangon. Gero, behin hona etorrita, San Antonio ikastetxean ikasi nuen lehenik, eta Jesuitak ikastetxean gero. Hamaika oroitzapen ditut zuekin partekatzeko", azaldu zuen hunkidura ezkutatu ezinda.

Haurtzaroko kontuez gainera Goikoetxeak ogibide duen musika izan zuen ahotan: "Nire gurasoek tradizioekiko, kulturarekiko eta Durangok daukan izaerarekiko balioak erakutsi dizkidate. Nazioarteko eszenatokietan zehar nabilen arren, Durango moduko eszenatokirik ez dago. Nire herria beti izan da inspirazio iturri. Eskola, lagunak, nire lehenengo ametsak, hemen egon dira beti".

Pregoiaren azkenengo zatian, musikak herritarrak batzeko eta desberdintasunak apurtzeko daukan gaitasuna nabarmendu zuen sopranoak. "Musikak herritarrak eta desberdinak direnak batzeko, hunkiarazteko, gaitasuna dauka. Jaiotan, izan bedi musika gu guztiok batzeko zubi. Musikarik barik ez baitago bizitzarik".

Herritarren parte hartzeagaz, irrintzia bota eta txapligoa bota zuen azkenik, Goikoetxeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!