Gaur hasi eta urriaren 20ra bitartean, kulturaz eta entretenimenduz beteko dira Durangoko kale eta bazterrak. Patxikotxuren eta Pantxikeren begiradapean hasiko diren sanfaustoetan, 160 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte jai egarria asetzeko. Ekintzetariko asko auzoetan izango dira, herriko erdigunean barik.
Berdintasun protokoloa
Udalak berdintasun protokolo bat ipini du sanfaustoetarako, "ingurune segurua bermatzeko, diskriminaziorik eta erasorik bakoa". Eraso matxisten aurkako arreta guneak egongo dira, eta telefono bidezko laguntza zerbitzua eskainiko da. Gune Morea ipiniko dute Landako Gunean, gaurtik urriaren 13ra eta urriaren 18an eta 19an; 22:30etik 04:30era egongo da aktibo. Gainera, arreta psikologikoko zerbitzua ere egongo da, 747 459 584 telefono zenbakiaren bitartez. Urriaren 11tik 14ra eta 18tik 20ra egongo da erabilgarri. Bestetik, Ertzaintzarengana zein udaltzaingoarena jo daitekeela ohartarazi dute. Udaltzainen patruila kopurua gehituko dela jakinarazi dute, eta jaiek irauten duten bitartean, garbiketa zerbitzua ere indartuko dute. Ekitaldi jendetsuetan, arreta berezia ipiniko dute edukierari dagokionez.