Durangoko jaiak

"Gaztetxea badatorrela erakutsiko dugu zapatuan"

Aitziber Basauri 2024ko urr. 11a, 13:00

Pagonabarraga, Zugazabeitia eta Sarriugarte.

Urko Pagonabarraga, Kattalin Zugazagoitia eta Ander Sarriugarte Kaletik Gaztetxera dinamikako kideak dira. Hirurek argi dute Durangok gaztetxea behar duela.

2022an Sorginola bota zutenetik, gazteentzako espazio baten falta nabarmena da Durangon.
Ander Sarriugarte: Hala da. Gazteok ditugun interes eta kezka guztiekin lotuta ikusten da espazio baten falta. Asteburua heltzean, Goienkalera joan eta dena da prezio igoera, ordutegi murritzak... Hartu-emanak izateko moduetan eta gaueko aisialdian, aukerak beti dira berdinak. Bestalde, Sorginolagaz izandako loraldiaren ondoren, mugimendu artistikoa geldirik dago. Orduan jaiotako musika taldeez gainera ez da berririk sortu. Eta gazteek ez dute arte adierazpenerako espaziorik.
Urko Pagonabarraga: Politikoki antolatuta dauden gazteen artean ere igartzen da. Asanblada modura askotariko borroka eta politikak atera gura ditugu aurrera, baina ez dugu politika horiek aurrera ateratzeko lekurik.

Sorginola eraistea erabaki zenean, alternatiba bat eskatu zen gazte mugimendutik. Eman da pausorik?
Kattalin Zugazagoitia: Orduango udal gobernuak pseudonegoziaketa edo negozioazio-mahaia zabaldu zuen. Faltsukeria izan zen, falaziak saldu zizkiguten, eta gazteen aldarriei ez zitzaien irtenbiderik eman. Gazte Asanblada ez zen egoerari buelta emateko gai izan. Derrotismo politiko ziklo batean sartu ginela esan daiteke. Baina orain lortu dugu horri buelta ematea. 
U.P.: Egungo gobernu taldeak ere ez du inolako interesik agertu gugaz hartu-emanetan ipintzeko. Antolaturiko egitarau, dinamika eta ekitaldien aurrean, trabak eta oztopoak baino ez dituzte ipini.

Izan duzue hartu-emanik udalagaz?
K.Z.: Oraingoz ez dugu uste beharrezkoa denik negoziazio mahai batera deitzea. Gazteak gaztetxe baten premiazkotasunaren atzean antolatzea, horixe da erdigunean ipini gura dugun aldarria. 
U.P.: Izan zen negoziazio prozesu hartatik ikasi genuen dagokion udal gobernuak egindako promesetatik aparte gaztetxearen aldeko mugimendu bat sortu behar dugula. Eta mugimendu horrek behar diren pausoak emango ditu gaztetxea sortzeko. Udal gobernuaren borondateari itxaroten egon barik antolatu behar gara. Begira zer gertatu den Zornotzan. Administrazio horrek berak gazteak hango gaztetxetik aterarazi zituen.

Sanfaustoetan gaztetxe baten beharrizana azalaraziko duzue.
K.Z.: Aurten Gazte Eguna aldarriz betetzen ahaleginduko gara. Gainera, DJ maratoia, mozorro desfilea... izango ditugu. Gaztetxea badatorrela erakutsiko dugu.
U.P.: Proiektu serio bat dugula esan daiteke, sanfaustoak amaituta bere bideari jarraituko diona. Jende asko dago dinamikan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!