Pantxike etortzea baino ez da falta, Durangoko txosnek dena gertu daukate-eta herriko jaiak ospatzeko. Aurten ere Landako Gunearen eta Plateruena Kultur Aterpearen tarteko eremuan egongo dira txosnak. Bertan kokatuko dituzte tabernak eta sukalde-jantokiak. Eta zelan ez, bertan gauzatuko dituzte egitarauko ekintzarik gehienak. Tartean, eskaintza musikala. Zabala, anitza. Etxeko eszena hauspotzen duena zein Euskal Herrian boladan dauden talde sonatuak taularatuko dituena. Hona hemen zerrenda labur bat: Ainke, Malakias, Katu, La Txama, Belako, Txopet, Goxua'n Salsa eta Gozzue. Talde horien guztien eta gehiagoren emanaldiak entzungo dira bozgorailuetako dezibelio bakoitzean.
Txapliguari dagokionez, euskalgintzako eragileak izango dira aurtengo protagonistak: Ibaizabal ikastola, Berbaro, Euskal Herrian Euskaraz eta AEK. Izan ere, badira efemerideak. Ibaizabal ikastola 25. urteurrenean murgilduta dago; Berbaro 35.enean, eta Euskal Herrian Euskarazek 45 bete ditu. Horri guztiari gehitu diote AEKren Abarrak euskaltegiak hainbeste urtetan egindako lana. Txosnek "Durango euskaldun baten alde egindako lana aitortu eta goraipatu" gura diete guztiei. Txupinazoa urriaren 11n izango da. Pantxikeren etorrera amaituta, 21:00etan.
Bestalde, erasoen kontrako protokoloa martxan egongo dela gogoratu dute: "Txosnagunea denontzako espazio segurua izatea nahi dugu, eta horretarako protokolo bat martxan izango dela adierazi nahi dugu. Inolaz ere ez dira jarrera edota eraso arrazista, sexista ez LGTBI+-fobikorik onartuko, eta horien aurrean erantzungo dugu", iragarri dute.
Gaueko ordutegia
Txosna batzordearen eta Durangoko Udalaren artean eztabaida egon zen iaz, bolumena, kartelak eta tabernen ixte ordutegiak zirela eta. Azken honi dagokionez udalagaz hartu emanetan ipini direla azaldu dute, txosnen ixte ordutegia berandutze aldera. "Jakingo duzuen bezala, iaz, udalaren esanetara, txosnak 04:30etan ixtera behartuta egon ginen. Aurten hau ekiditeko asmotan, udalari eskaera bat egin zitzaion duela pare bat aste, oraindik erantzun ez duena. Txosna batzordearen ustetan txosnak herriari egiten dion ekarpen esanguratsuagatik eta bertan eskaintzen den gune erosoaren ordutegiaren murrizketa zentzu gabea ikusten dugu. Izan ere, herritarrei ordu horretatik aurrera eskaintzen zaizkien eskaintza oso murriztua izaten delako eta bertan sortzen den giroa gehienetan ez da erosoa izaten", jakinarazi dute.
Azkenik, jaietan parte hartzera deitu dituzte gazteak, helduak, durangarrak zein durangarrak ez direnak. "Elkarlanean, ilusioz sortutako jaiak ondo joan daitezen guztioi errespetuz jokatzeko eskatzea besterik ez zaigu falta. Gora Durangoko jaiak eta gora Pantxike!" bukatu dute.
EGITARAUA
Urriak 11, barikua
- 20:30 Kalejira trikitilariekin Alde Zaharretik txosnagunera.
- 21:00 Txupinazoa txosnagunean herriko euskalgintzaren eskutik.
- 21:30 Kontzertuak: Gozzue, Ainke, Katu, DJ Kuku eta DJ Kene.
Urriak 12, zapatua (Gazte eguna)
- 12:00 Kamiseten banaketa.
- 14:30 Gazte bazkaria
- 17:00 Kuadrillen arteko olinpiadak.
- 17:30 Poteo transmaribibolloa Kuir Eztandaren eskutik. Pinondotik txosnagunera.
- 18:30 Mauxitxa txaranga txosnagunetik hasita.
- 22:00 Kontzertuak: La Txama, Tatxers, Malakias MX3
Urriak 13, domeka
- 12:00 Ume eta familientzako ikuskizuna: Yogurinha Borova.
- 12:30 Paella txapelketa (Sari banaketa 14:00etan egingo da)
- 17:00 Mañaria errekaren jaitsiera Tabiratik
- 19:00 Bertso poteoa Santanatik txosnetara. (Poteoaren ostean, erreka jaitsierako sari banaketa egingo da).
- 21:30 DJ maratoi herrikoia
Urriak 18, barikua
- 19:00 Tortilla txapelketa (20:30ean sari banaketa)
- 22:00 Kontzertuak: Txopet, Pinpilinpussies eta Belako.
Urriak 19, zapatua (Mozorro eta Etxera eguna. Gaia: EITB)
- 12:00 Kalejira Intxaurretik txosnagunera.
- 14:00 Ekitaldia eta argazkia.
- 14:30 Elkartasun bazkaria
- 22:00 Kontzertuak: Rolando Bruno eta Goxua´n Salsa