#0km

40 urteko ibilbidea ospatu du Dendak Bai merkatari elkarteak

Anboto 2024ko urr. 1a, 10:38

Durangoko San Agustin kulturgunean egindako ospakizunean 150 lagun inguru batu ziren. Alex Palacios Dendak Bai elkarteko presidenteak azken urteetako "lorpen garrantzitsuak" azpimarratu zituen. 40. urterrena duen honetan aldizkari bat argitaratuko du elkarteak. (Argazkiak: Dendak Bai elkartea).

Dendak Bai merkatari elkartea sortu zela 40 urte bete dira, eta urteurren borobil hori ospatzeko ekitaldi berezia egin zuten irailaren 27an. Durangoko San Agustin kulturgunean izandako ospakizunean 150 lagun inguru elkartu ziren. Negozio bazkidetuen jabeak, haien lagun eta senideak, eta, Durangoko eta Iurretako Udaleko ordezkariak izan ziren.

Durango eta inguruko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan, "funtsezko" lana bete du elkarteak, helarazitako prentsa-oharrean azaldutakoaren arabera. "Azken lau hamarkadetan tokiko enpresa-ehuna indartu" dela diote. Etorkizunari begira, herriko merkataritza-sarea indartuko duten ekimen eta proiektu berri eta berritzaileak bultzatzen jarraituko dutela gaineratu dute, "etorkizunari baikor begiratuz eta sektorearen barruan lankidetza sustatuz".

Elkarteko bazkideak hartu zituzten gogoan ekitaldiaren hasieran. Momentu honetan, Dendak Bai elkarteak 202 establezimendu dituela bazkidetuta nabarmendu zuten, eta
gero eta gehiago direla elkartea osatzen duten sektoreak: tabernak, harategiak, moda, gozotegiak, ile-apaindegiak, aseguru-etxeak, ingeles akademiak... Eskainitako zerbitzu eta kanpainak zerrendatu zituzten eta tokiko erakundeekin egindako lana aipatu.

"Lorpen nabarmenak"

Alex Palacios Dendak Bai-ko presidenteak elkartearen historiaren errepasoa egiterakoan,  azken urteetako "lorpen nabarmenenak" aipatu zituen: "Dendak Bai Euskadin ordezkaritza handiena duen elkarteetako bat da, 2021ean Madrilen Merkataritzako Sari Nazionaletako bat jaso zen, eta 2013an pregoia eman zuen San Fausto jaietako txupinazoan, besteak beste". Ekitaldiagaz amaitzeko, Amaia Munitxa presidenteordeak —urte askotan Zuzendaritza Batzordeko kide ere izan da— Guillermo Oarbeaskoari oparia eman zion , "elkartearen sorreran parte hartzearren esker ona adierazteko eta bertako elkarte-buru ohi gisa bere ibilbide oparoagatik".

Argazki erakusketa eta jai giroa

Ekitaldiak iraun bitartean, Durangoko kaleen eta establezimenduen bilakaera erakusten duen argazki erakusketa ikusteko aukera izan zen. Dj Ek Ramirezek girotutako catering-a eskaini zen. "Barreak, argazkiak eta oroitzapenak nahastu ziren ospakizun bat baino askoz gehiago izan zen: historia hau osatu duten eta osatzen duten pertsona guztiei egindako omenaldia", azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!